Zarata-mugak aise gainditzen dira Zapatari, Aiztogile eta Mateo Moraza kaleetan

Erredakzioa 2018ko urr. 10a, 12:04
Besteak beste, Gasteizko Alde Zaharra auzoan egin dute neurketa.

Gaueko aisialdiak sortutako zarataren mapa landu du Gasteizko Udalak.

Zapatari eta Aiztogile kaleko zenbait zatitan udal araudian finkatutako zarata-mugak aise gainditzen dira; izan ere, Udalak egin duen azterketaren arabera, hamabost dezibelio gehiago jasan behar izaten dituzte asteburu eta jai-bezperetako gauetan kale hauetako bizilagunek. Mateo Benigno Moraza kalean, berriz, finkatutako horiek baino hamar dezibelio gehiago. Pintore kalean eta Foru kalean maila horiek baino bost dezibelio gehiago.

Gaueko aisialdiak Erdi Aroko hirigunean sortutako zarataren mapa argitaratu berri du Gasteizko Udalak, azken hilabeteetan landua. Dokumentu horren arabera, 582 lagunek jasaten dituzte egungo araudian finkatutako kalitate akustikoaren helburuetatik gorako zarata-mailak.

Hamabi lekutan egin ditu neurketak Udalak, bi alditan: behin, egoera arrunt batean –joan den urteko azaroan–, eta beste behin egoera berezi batean –abenduaren bukaeran–, Eguberrietan. Soinu-neurgailuak jarri ziren, eta 10-15 minutuan behin neurtu zen zarata, zazpi egunez, gau eta egun. Iraupen laburreko neurketarik ere egin zen, 2018ko maiatzean, landa-lana egin bitartean identifikatutako zarata-iturrietan. Eraikuntzen fatxadetan –okerreneko solairuan– iristen diren zarata-mailak erakusten ditu mapak.

Zaratak eragin handia du herritarren osasunean eta bizitzan. Horregatik ari da lantzen Udala Gaueko Aisialdi Arduratsurako Ekintza-Plana. Hainbat ekimen definituko dira bertan, Erdi Aroko hirigunean bizi diren eta lan egiten dutenei eragiten dien problematikari –zarata, zikinkeria, segurtasuna...– aurre egiteko. Ekintza Plana urte bukaerarako diseinatuta egotea da helburua. 

Interesa duten bizilagun guztiek parte har dezakete plana garatzeko lanean, eta, bereziki Erdi Aroko hiriguneko biztanleek.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide