Ezkontzen direnei familia inguruko agiria banatzea birplanteatuko du Udalak

Erredakzioa 2018ko urr. 9a, 11:18

Lumagorrik salatu du "heterosexualitatearen apologia" sustatzen duela; PPk kritikatu du familia eredu bakarra jasotzen dela.

Gasteizko udaletxean ezkontzen diren bikoteen artean "Gurasotasun positiboaren aldeko sentipen adierazpena eta konpromisoa" izeneko agiria banatzea berriro aztertuko du Udalak. Hala adierazi du Haurtzaro eta Senitarte zerbitzuko koordinatzaile Ritxar Bacetek: "Ez dago inongo arazorik erabakia berriz aztertzeko".

Pasa den astean iragarri zuen Gasteizko Udalak azarotik aurrera udaletxean ezkonduko diren bikoteek agiri bat jasoko dutela. "Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak sustatu du hori, besteak beste, gizonak hazkuntza eta zaintza lanetan gehiago inplikatu daitezen eta etxeko erantzukizunak partekatu ditzaten", azaldu zuen Peio Lopez de Munain zinegotziak.

Alta, egun gutxiren buruan Lumagorri AHT taldeak gaitzespena eta arbuioa adierazi zituen ekimenaren inguruan. "Heterosexualitatearen erregimen politikoaren apologia bat besterik ez da, eta genero desberdintasunak eta matxismoak oinarri dituen harreman motak sustatzen ditu". Halaber, Lumagorrik salatu du Gasteizko Udalak ugaldu daitezkeen bikote heterosexualak soilik kontuan hartu dituela. 

Aste honetan, PPko udal taldeko buru Leticia Comeronek ere haserrea eta harridura agertu ditu Udalaren ekimenarekin. Comeronen hitzetan, Udalak "baztertu egin ditu bikote homosexualak, eta jakintzat jo du bikote guztiek seme-alabak izan nahi dituztela; aitak, amak eta umeek osaturiko familia eredu bat eta bakarra sustatzen du, eta beste familia ereduak baztertu ditu". 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide