Alavesek 1-0 irabazi dio Real Madrili partida gogoangarrian

Ibon Gorrisi 2018ko urr. 8a, 10:05
Alavesaren garaipena ospatu zuten zaleek.

Manu Garcia gasteiztarrak 95. minutuan buruz sartutako gol bati esker Alavesek garaipena lortu zuen Real Madrilen kontra. Duela 87 urtetik ez zen hori gertatzen Mendizorrotzan.

Mendizorrotzan bizi izandakoa ez dago hitzez adierazterik. Zoramena, gozamena, eromena, poztasuna, alaitasuna eta zer-nolako plazera azkenengo minutuan Real Madrili irabaztea. Abelardok, partida bukaeran, ondo baino hobeto adierazi zuen: "Madrilgo taldeari 20. minutuan gola egiten badiozu badakizu asko sufrituko duzula, azkenengo bost minututan eginda ere sufrikarioa izango duzu. Baina guk gola egin dugun moduan, azkenengo unean, dena poztasuna izan da". 

Alavesek oso partida serioa jokatu zuen. Ez zion inongo aukerarik eman Real Madril taldeari gol aukerak sortzeko. Abelardok Bartzelonaren aurka egindako sistema berbera erabili zuen; atzealdean, Martinen ordez, Ximo Navarro atera zuen eta lauko lerroa jarri zuen. Zelai erdian bost jokalari jarri zituen, horien artean Pinak, Darko Brasanacek eta Wakasok izugarrizko lana egin zuten zelaiaren esparru horretan. Aurrealdean, bakar-bakarrik aritu zen Calleri. Gauzak horrela, lehenengo zatian ez batak ez besteak ez zuten aukerarik gola egiteko.

Bigarren zatian, Julen Lopetegik aurrealdean bizitasuna eman nahi izan zion bere taldeari. Baina alferrik, izan ere, Alaves oso ondo kokatu zen berdegunean. Talde madrildarraren eraso guztiak arearen kanpoaldean bukatzen ziren, Arabako taldearen lerroak oso lotuta zeudelako. Horretan ari zela partida, eta, denok berdinketa ontzat ematen genuenean, orduantxe sufrimendutik, hobeki esanda, lan gogorretik gozamenera pasa ginen.

Honela izan zen jokaldia: 95. minutuan Alavesen aldeko kornerra. Jony aurrelariak erdiratu zuen eta bigarren zutoinean Sobrinok buruz erremate bikaina egin zuen; hor agertu zen Courtois atezaina baloia desbideratzeko eta area txikian Manu Garcia kapitainak buruz eta bihotzarekin ere sarera bidali zuen. Goooooool, goooool…. Bikaina!!! Ametsak jarraitzen du. 

Alaves: Pacheco, Ximo Navarro, Laguardia,  Maripán (87’. Martin),  Duarte, Ibai (67’. Sobrino), Darko Brasanac, Pina, Wakaso (72’. Manu Garcia), Jony eta Calleri

Txartel horiak: 54’. Wakaso

Real Madril: Courtois, Varane, Nacho, Sergio Ramos, Odriozola, Casemiro, (62’.Asensio) Kross, Modric, Bale (80’. Vinicius), Ceballos eta Benzema (46’. Mariano)

Gola: 1-0: 95'. Manu García

Mendizorrotzako harmailak: 19.461 ikusle bildu ziren Mendizorrotza futbol-zelaian. Zaleek partidaren hasieran “Elkarrekin indartsuagoak gara” pankarta atera zuten. Mezuari kasu eginez, taldeak eta zaleek bat eginik historia egin zuten Real Madril boteretsua irabazteko. A zer-nolako festa partida bukaeran! 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide