Iradier Arenan kultur eskaintza areagotzeko aukera aztertzen ari da Gasteizko Udala

Erredakzioa 2018ko urr. 4a, 14:09

Estibaliz Canto kultura zinegotzia. /Alea

Tamaina handiko ikuskizunak eskaini ahal izateko "obra handi bat" egin beharko dela esan du Estibaliz Canto kultura zinegotziak.

Iradier Arenan kultur ikuskizunak eskaini ahal izateko proposamenak aztertzen ari direla jakinarazi du Estibaliz Canto kultura zinegotziak Radio Vitorian eginiko elkarrizketa batean. Horretarako, baina, obrak egin eta "inbertsio handia" beharko dela esan du: "Ikuskizun horiek kalitatez eskaini ahal izateko obra handi bat egin beharko litzateke, momentu honetan duen akustika oso eskasa delako". 

Kultura zinegotziak azaldutakoaren arabera, aukera desberdinak aztertzen ari dira gestio publiko-pribatu baten bitartez Iradier Arena kudeatu ahal izateko. "Principal antzokiarekin batera, Iradier Arenak ditu aukera gehien Gasteizen kultur azpiegitura handia izateko, baina orain ez da". Beste azpiegitura berri bat eraiki aurretik, Iradier Arenak eman ditzakeen aukerak aztertuko dituztela azaldu du, horretarako baldintza onenak dituelako: erdigunean dago, tranbia heltzen da eta parkina dauka. "Ia dena dauka inbertsio bat egin eta kapazitate handiko azpiegitura kultural bat egiteko. Jazzaldia, Antzerki Jaialdia, kontzertua eta bestelako ikuskizunak hartuko lituzke". 

Bestalde, Principal antzokia erreformatzeko beharra nabarmendu du Cantok, teknikariek egindako azkeneko azterlanean azpimarratu duten moduan. Eraberritzea nolakoa izango den da giltza, ordea: "Apustu anbiziotsuena eraikina handitzea litzateke, baina aukera oso zaila da hori, inguruan dituen orubeengatik; bestelako aukera litzateke zerbait handiagoa egitea gaur egun dugun espazioarekin". Hilabete honetan zehar eraberritzeko azterlanak jaso eta balorazioa egingo dutela jakinarazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide