Gasteizko Udalak Okupatu Gasteiz Eguna ospatzeko baimenak ukatu ostean, hiriaren mugimendu sozialetako hainbat kidek espazio publikoa "zentsurarik gabe" erabitzeko eskubidea aldarrikatu dute katedral berriaren plazan egindako agerraldi batean. "Adierazpen askatasuna eta espazioen erabilera ezin dira unean uneko gobernuaren iritziaren menpe egon".
Hiriko kaleak "gasteiztar guztionak" direla berretsi dute, eta horiek okupatzeko den eskubidea urratzea ez dutela onartuko: "Ez dugu baimenik eskatu nahi espazio hauek erabiltzeko, borroka sozial guztiak ikusarazteko elkartzen garelako espazio horietan".
Horregatik, larunbat honetan, 12:30ean, San Anton plazatik aterako den manifestaziora joateko deialdia egin dute. "Baita Gasteizko herri mugimenduak antolatu dituen zutabeetan parte hartzera". Hauek Aldabe gizarte etxetik, Leizaola plazatik, Iparralde gizarte etxetik eta Kutxi kaleko sarrerartik abiatuko dira.
Babes zabala
Mugimendu sozial, politiko eta kulturaleko dozenaka kidek egin dute bat adierazpenarekin; besteak beste, Ernai, Artgia espazioa, Eginarez Eginez, Judimendiko gazte asanblada, Lumagorri, Sarburu kultur elkartea, Mugarik Gabe, Bilgune Feminista, Pentsionistak Lanean, Goian eta Zuloa liburutegia batu dira.