Adin txikikoentzako zentro berri bat irekiko dute

Juanma Gallego 2018ko urr. 4a, 10:42
Adin txikikoak artatzeko sistemari buruzko ikerketa bat abiatuko du Diputazioak. Irudian, Sansohetako zentroa. / ALPHABET

Gasteizko Bideberria zentroaren egoera salatu dute bertako langileek, 30 lagun hartzeko tokian 57 "pilatuta" daudelako. Diputazioak berehalako laguntza emateko zentro bat irekiko duela erantzun du.

Arabak laguntzarik gabeko 15 adin txikiko hartzeko gaitasuna izango duen zentro berria irekiko du aurki. "Datorren astean", Ramiro Gonzalez diputatu nagusiak asteartean iragarritakoaren arabera. Kokapena ez dute zabaldu.

Kazetariek Gasteizko Bideberria zentroaren egoeraz egindako galderei erantzutean egin du iragarpena Gonzalezek. Izan ere, Bideberria zentroak gehienez 30 lagun hartzeko gaitasuna duela salatu berri du ELA sindikatuak, eta halere, bertan 57 adin txikiko artatzen ditu orain. Langileen esanetan, zentroko arduradunei eman diote egoeraren berri, baina, erantzuna jaso ez dutenez, fiskaltzara jotzea erabaki dute. Pilaketa egoera larrian omen dago zentro hori, eta hori egiaztatzen duten hainbat irudi gehitu dituzte fiskaltzari bidalitako salaketan.

Berehalako laguntza

Gonzalezek iragarritako zentro berria berehalako laguntza emateko modukoa izango da. Horrek esan nahi du gazteek gurean geratzea erabakitzen badute, beste  zentroren batera bideratuko dituztela. 

Gonzalezek onartu du "gainokupazioa" egon dela Araban, eta egoera zaildu egiten dela migratzaile horiek "bat-batean" iristen direnean. Halere, defendatu du Araban egindako harrera "duina" dela. Bestalde, Marian Olabarrieta Arabako Gizarte Zerbitzuetako diputatuak iragarri du Diputazioak adin txikikoak artatzeko sistemaren ikerketa tekniko bat abiatu dutela, eta Oviedoko Unibertsitateak burutuko duela.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide