Doan aparkatzeko txartelak banatuko dituzte, Santa Barbarako itxiera arintzeko

Erredakzioa 2018ko urr. 3a, 14:19
Santa Barbara inguruan sortu daitezkeen aparkatzeko arazoak arindu nahi ditu Udalak. ALEA

Inguruko saltokietan gutxienez hogei euroko erosketa justifikatuz gero jaso ahalko dira txartelak, horretarako jarriko diren bi informazio-lekuetan

Urriaren 29tik abenduaren 17ra arte, lanak direla eta itxita egongo da Santa Barbarako aparkalekua, eta kalteak arintzeko hainbat neurri iragarri du Gasteizko Udalak. Hala, Gasteiz On eta Aenkomer elkarteekin txartelen eskaintza bat koordinatu dute, Iradier Arena eta Artiumeko aparkalekuak doan erabili ahal izateko. Santa Barbara plazaren inguruko saltokietan gutxienez hogei euroko erosketa justifikatuz gero jaso ahalko dira txartelak, horretarako jarriko diren bi informazio-lekutan; horietako bat Azoka Plazan egongo da eta bestea, kalean.

Halaber, hamabost minuturako doako aparkalekuak sortuko dira Lehendakari Leizaola kalearen alde batean, Santa Barbarako zama-lanetarako lekuetan, eta Jesus Guridi kalearen zati batean, Azoka plazaren aurrean. Lurrazalean aparkatzeko leku horietaz gain, bizikletak aparkatzeko leku gehiago jartzea ere aurreikusi da. Azoka Plazan bertan produktuak hotzean gorde eta hartzeko armairutxoak egokituko dira, eta horren osagarri izango da hamabost minutuko aparkalekua.

Erosketak etxera eramateko bizikleta-zerbitzua ere martxan jarriko da. Bai Azoka plazan bai Santa Barbara plazaren inguruko saltokietan egindako erosketarako erabili ahalko da zerbitzu hori. 

Bestalde, Udala komunikazio-kanpaina bat prestatzen ari da, Santa Barbarako aparkalekua itxita dagoen bitartean erabil daitezkeen alternatibez informatzeko eta Eguberrietako kanpainaren aurreko asteetan inguruko saltokietan kontsumoa sustatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide