Tranpantojoekin zabalduko dituzte familientzako lantegiak Artiumen

Erredakzioa 2018ko urr. 3a, 14:08
Familientzako lantegian Artiumen. ARTIUM

Udazkenarekin batera, Artium txikia, Good morning! eta FamiliArtium lantegiak itzuli dira.

Udako oporren atsedenaldiaren ondoren, urriak eta udazkenak familientzako lantegiak berriz hastea dakarte Artiumen, nahiz igandeetako Artium txikia eta Good morning Artium! nahiz hilean behingo FamiliArtium. Arte eta kultura garaikidera modu atseginean hurbiltzea helburu duten lantegi horietan burutzen diren jarduerak Artiumen Hezkuntza Sailak diseinatzen ditu. Hezitzaile bat gidari dutela, aldatu egiten dira aldi oro eta, beraz, lantegi guztietan parte hartu daiteke jarduera errepikatu gabe.

Datorren igandean, urriaren 7an, tranpantojoak egitea proposatuko zaie parte-hartzaileei –3-5 urte bitarteko haurrei– Artium Txikia programan, begiei egiten zaizkien amarru sinpleak, espazioa nola hautematen dugun aldatzen dutenak. Iruzurra begiei! da Garazi Zelaiak gidatutako lantegi honen izena eta 12:15ean hasiko da. 

Bestalde, Azucena Monge hezitzaileak Good morning Artium! programan, 6-11 urte bitarteko neska-mutilentzako pentsatutako Good Morning October izeneko jarduera bat gidatuko du. Parte-hartzaileak Artiumen lorategira joango dira, eta Museoaren barruko plazan oraindik ere bizirik dirauten landare eta loreei buruzko oharrak hartu eta gero postal birakari bat marraztuko dute, udazkenaren etorrera iragarriko duena. Good morning Artium! 12:00etan hasten da eta ingelesez egiten da erabat, beraz aukera bikaina da hizkuntza hori erabiltzeko ere. 

Igande horretan bertan, urriak 7an, eta Mugako jaialdiaren esparruan, Mugako Kids lantegia egingo da Artiumen. Familiek musika elektronikoaren inguruan sortu eta esperimentatzeko gune bat. 

FamiliArtium
Bestalde, Artiumek familientzako hilean behingo FamiliArtium lantegiak egiteari ekingo dio berriz ere, urrian. Kultura garaikidearekin lotutako askotariko gaiak lantzen dira programa honetan, eta haurrek eta haien familiako helduek jolastuz eta sortuz ongi pasatzeko pentsatuta dago. Esate baterako, hilaren 27an, larunbata, Sara Berasaluzek argazkiak errebelatzeko lantegi bat egingo du, parte-hartzaileek Artiumen lorategian bilduko dituzten naturako gaiak erabiliz. Huntza, lore-hostoak, perrexila…horra eguzki-izpien bidez inprimatzeko oinarri gisa erabili ahal izango diren landareetako batzuk.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide