Haur eta gazteentzako jarduerak lehenbizikoz ahalduntze feministaren eskolan

Erredakzioa 2018ko urr. 3a, 11:48
'Algo Contigo' antzerki taldeak inauguratuko du eskola.

Ostegunean, urriaren 4an, hasiko da ikasturtea, Aldabe gizarte-etxean, @Barbijaputa txiolari feministak idatzitako nobelaren antzerki-bertsioarekin.

Berdintasun zerbitzuaren eskolak ostegunean hasiko du ikasturtea, izen eta kokapen berriarekin eta –lehen aldiz– haur eta gazteentzako jarduerak bilduko ditu. Berdintasuneko zinegotzi Jaione Agirrek eta zerbitzuko buru Mireia Espiauk Etxanobetarren jauregian aurkeztu dituzte ikasturte honetako berrikuntzak. Jauregia izango da hemendik aurrera eskolaren kokapen berria, eta, epe motz edo ertainean, baita Emakumeen Etxea ere.

"Aurten indarberritu egin nahi izan dugu dagoeneko erreferentzia-puntu bihurtu den eskola, betiere emakumeok gure buruaren jabe sentitu gaitezen, prestakuntza eta esperientziak trukatu ditzagun, eta interesatzen zaizkigun gaietan egunean egon gaitezen. Horretaz gain, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna hirian artatze hutsetik harago, eskolak zabaldu egiten du emakumeak subjektu politikoa, eta kontuan hartzen ditu baita generoagatik desberdintasuna eta bazterkeria pairatzen dituzten beste pertsona batzuk ere", azaldu du Agirrek.

Inaugurazio-ekitaldia Aldabeko gizarte-etxean egingo da, 18:30ean, @Barbijaputa txiolari feministak idatzitako nobelaren antzerki-bertsioarekin, Algo Contigo antzerki taldeko Cristina Macia eta Emma Lopezen eskutik. Obra honetan emakumeek egungo gizartean duten rolari buruzko hausnarketa proposatzen da; emakume modernoari eta haren beldur, arazo eta barru-barruko desioei egindako kantua da. 

Haurrentzako eskola

Berdintasun zerbitzuko buru Mireia Espiauk, bestalde, aurtengo berrikuntza garrantzitsu bat azpimarratu du. Aurten, lehen aldiz, 10 eta 16 urte bitarteko haur eta gazteentzako jarduerak antolatu dira, gaztetatik berdintasuna lantzeko. 

Irailean hasi zen programatutako 72 jardueretakoren batean izena emateko epea; jarduera horietatik 22 elkarteekin lankidetzan egin dira, 32 soilik emakumeei zuzenduak dira (orobat, eskolak lehentasuna ematen die emakumeei) eta 40 gizon eta emakumeentzat dira.

Horretaz gain, programazioak proposamenak eskaintzen dizkie generoaz aparteko arrazoiengatik bazterkeria pairatzen duten emakume eta pertsonei, intersekzionalitatea txertatzen delarik prestakuntza-eskaintzan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide