"Egiari buruz ari da beti antzerkia; hori ez du telebistak ematen"

Anakoz Amenabar 2018ko ira. 28a, 10:32
Marta Monfort, Gasteizko Antzoki Sareko Zuzendaria. / E. Anda

Izaera kritikoa esnarazi, pentsarazi eta astintzera dator antzerkia, Antzerki Jaialdiko arduradun Marta Monforten ustez. Horren bila, Wajdi Mouawad, Josep Maria Pou, Kukai, Teatre Lliure, Isabella Rosellini eta Tanttaka ekarriko ditu oholtzara, beste hainbat osagairekin batera.

Oihal gorria noiz altxatuko zain daude antzerkizaleak. Urriaren 5ean izango da hori. Nazioarteko Antzerki Jaialdia inauguratuko du Wajdi Mouawadek Principal antzokian, eta haren atzetik helduko dira eserlekuak astinduko dituzten beste hamaika konpainia. Aurten, gainera, hiriburuko antzoki nagusiak 100 urte bete dituela eta, ospakizunez beteta helduko da abendua. Bien bitartean, eraikina bera zaharberritzeko egitasmoak aztertzen ari dira, proiektu baino zalantza gehiago tartean. Horiek guztiak kudeatzeko lanetan dabil Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort (Donostia, 1968).  

Nolakoak dira Antzerki Jaialdia hasi aurreko egun hauek?  

Beharbada zailenak dira. Dena martxan dago, eta azken xehetasunak zehazten ari gara. Azpiegitura tekniko handiak behar dituzte etorriko diren konpainia askok, eta sekulako lana egin behar dute teknikariek. Egun hauetan, gainera, hedabideetan zabaltzen ari dela ziurtatu behar dugu, hegazkinak garaiz helduko direla artista guztientzat, salmenta ere jarraitu behar dugu... detaile guztiak lotzeko momentua da. 

Zer osagai izan behar ditu, zure ustez, jaialdi batek? 

Udal Antzoki Sarean jaialdiaren identitatea izugarri lantzen dugu; urteko programarik bereziena da, nortasuna izan behar du, eta hori ikusarazi egin behar da. Gure jaialdiak hainbat zutabe nagusi ditu: nazioarteko sortzaileak erakartzea, bertako sortzaileei gure eszenatokia prestatzea, lengoaia berrien aldeko apustua eta sormena bultzatzea. Ikusle aktiboa eskatzen du jaialdi honek; eta horretarako daude topaketak, tailerrak, solasaldiak. 

Antzerki komertziala eta alternatiboaren arteko oreka bilatzen duzue?

Jaialdian ez dago antzerki komertzialik, edo behintzat "komertzial" moduan ulertzen dudanik. Isabella Rossellini oso komertziala da, baina bere lengoaia eta proposamen artistikoa ez da batere komertziala. Komertziala "arrunta" edo "erraza" baldin bada, hori ez dago jaialdian; ez du entretenimendua eskaintzen. Gure izaera kritikoa esnatzea, pentsaraztea, astintzea... hori bilatzen du jaialdiak, antzerkiaren xede nagusia nire ustez. Proposamen ausartak eta berritzaileak bilatzen ditugu; uda eta beste garai batzuetarako uzten ditugu komertzialak. 

Wajdi Mouawadek emango dio hasiera jaialdiari. Nola lotzen da halako ikuskizun bat? 

Ez da batere erraza, arrazoi desberdinengatik. Batetik, oso konpainia garestia delako, eta sekulako behar teknikoak dituelako; hainbat egun beharko dugu agertokia prestatzeko. Eta, bestetik, halako jenioekin datak zehaztea oso zaila delako, konpromiso ugari dituztelako eta egun batetik bestera alda daitezkeelako, joan den urtean gertatu zitzaigun moduan. Halere pena merezi du. Mouawadek jaialdi honen helburua oso ondo betetzen duela uste dugu, eta aproposa da hasiera emateko; lengoaia berriekin dator, egungo egiez hitz egiten du eta berehala kolpatzen zaituzte bere istorioek.

Programazioan arakatuta, parekorik ez duen lanik nabarmendu beharko bazenu?  

Zaila da, baina Bosch Dreams kanadiarra aipatuko nuke, esate baterako; unibertso berezi zoragarria sortu dute, gaur eguneko zirkoa, dantza garaikidea eta ikus-entzunezkoak batzen dituena. Beste alde batetik, antzezle bikainak ere izango ditugu, eta ezin horiek aipatu gabe utzi; Josep Maria Pou nabarmenduko nuke Moby Dick lan izugarriarekin, eta Kukairen lana ere azpimarratzekoa da; proposamen indartsua da aurkeztuko diguten Erritu. Aurten uzta polita jasoko dugula uste dut, kanpoko eta bertako lanen artean orekatuta. Programazioa ardoa egitearen parekoa da; eguraldi ederra duzu, mahats ederrak, baina edozein lerdokeriak bertan behera uzten du uzta. Nahi genituen proposamen asko gurean izango dira.

Arantzarik geratu zaizu urte hauetan? Ekarri ezinik...  

Bi arantza ditut. Batetik, Robert Lepage dramaturgo kanadiarra gustatuko litzaidake, lan zoragarriak dituelako, baina bere proposamenak teknologikoki oso konplexuak dira, eta hemen ez dugu halako baliabiderik. Eta, bestetik, Peter Brooken lanen bat ekarri nahiko nuke; entzun dut datorren urterako zerbait prestatzen ari dela eta akaso... Urtero geratzen da lotu ezinik zerbait, noski, data, agenda edo dirua dela.

Bada antzokien arteko elkarlanik halako lanak ekartzeko?

Bai, beharrezkoa da sare bat antolatzea, antzoki batentzat antolatzea oso garestia delako. Guk elkarlan handia dugu Gironako Temporada Alta jaialdiarekin, data antzekoetan antolatzen dugulako; aurten, adibidez, 1927 eta Les 7 Doigts de la Main konpainiak bion artean ekarri ditugu. Bestalde, inguruko Arriaga edota Gayarre antzokiekin batera ere lan egiten dugu. 

Principalek ehun urte beteko dituela eta, ospakizuna prestatzen ari zarete?  

Laster aurkeztuko ditugu abendurako ikuskizun guztiak, baina bertako aktoreekin hainbat lan izango dira, Lola Herrerak Cinco horas con Mario ekarriko du... Berezia izango da? Bai, baina nik uste dut hemen edozein esperientzia dela berezia.

Bisitaldiak ere antolatu dituzue, ezta?  

Bai, ospakizun urtea dela eta, bisitaldiekin hasi ginen, baina teknikoak izan ziren, antzokiko eguneroko lanaren ingurukoak. Oraingoan, arkitektura eta historia gerturatu nahi ditugu. Hurrengo bisitaldia 30ean izango da. Jendeak, bestalde, aukera izango du antzokiari buruz idazteko horretarako sarreran prestatu dugun txoko batean. Ikuskizunen, ikusitakoen inguruko emozio mezu ugari jaso ditugu orain arte.

Zer du antzerkiak, zure ustez, whatsapp, Netflix eta abiada garai hauetan jendea erakartzen jarraitzeko?  

Hori bera galdetzen diot neure buruari egunero. Uste dut oso inteligentea izan dela antzerkia, eta egungo lengoaia artistikoak eta egungo kezkak ondo barneratu dituela; hor dago, beharbada, arrakastaren gakoa. Egiari buruz ari da beti, eta zoritxarrez hau ez da oso ohikoa; telebistak ez du hori kontatzen.  

Sortzaile aldetik oparo, baina antzerkiak gaur egun egitura ahula duela ematen du. 

Bai, egoera ez da ona; mirari bat da, ordea, emaitza oso ona delako. Sortzaile aldetik oso egora ona dela uste dut, eta publiko aldetik ere erantzun nahiko beroa izaten dugu, baina hainbat gabezia daude, horretan ez dago zalantzarik; Euskadin zentro dramatiko bat botatzen dut faltan, lurraldeen arteko proiektu egonkor bat. Kulturari duen garrantzia ematea baino ez da behar; ematen du antzokia erakusleiho bat dela, baina hori baino gehiago da: lengoaia berriak, pentsamendu berriak eta espiritu kritikoa barneratzen duen lekua.  

Principal antzokiaren zaharberritzea hainbat aldiz izan da hizketagai. Noizko izango da prest?

Abendurako zaharberritze proiektuen azterlanak izango dira, baina beste hainbat pauso eman behar dira oraindik. Ostean, dirua zehaztu eta akordio politikoa beharko da, eta niri kezkagarriena iruditzen zaidana: alternatiba bat. Principaleko obrek urtebete edo gehiago irauten badute, alternatiba bat pentsatu behar da, eta ez da lan erraza. Ibaiondo da Gasteizek duen hurrengo antzoki handiena, eta 300 eserleku baino ez ditu, ez da nahikoa; ezin da proiektua bertan behera utzi alternatibarik ez dagoelako. Egia da antzoki honek ez dituela beharrezko baldintza teknikoak bermatzen, eta irtenbide bat behar da baina ez da erraza; momentu honetan XXI. mendeko antzerkia egiten ari gara XIX. mendeko etxe batean. 

---

 

Gogoan duzun lehenengo obra? 

Amarekin batera ikusi nuen El diluvio que viene izango da agian, Lola Herrera lanean.

Eta gustatu zaizun azkenekoa? 

Sergio Peris-Menchetak zuzendutako Lehman Brothers. Sekulako lana egin du. 

Antzezle bat? 

Wajdi Mouawad, Josep Maria Pou, Blanca Portillo, Iñaki Rikarte, Nathalie Poza...

Obra bat?

Edipo eta Antigona. Edo Shakespeare-ren edozein; esaten den moduan, horietan daude pasio eta egia guztiak bilduta.

Herrialde bat?  

Argentinako antzerkia gustatzen zait, baina leku guztietan daude onak.

Antzoki bat? 

Ez dago antzoki perfekturik, edukiontzia eta edukia bikainak dituenik, baina CDNren antzokiak –María Guerrero eta Valle-Inclán– oso ondo daude. 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide