Mantentze espezialisten oposizioaren azterketa bat filtratu dela salatu du ESK-k

Erredakzioa 2018ko ira. 27a, 13:26

Azterketaren edukiak ezagutu zituen sindikatuak proba egin aurretik, eta notario baten esku jarri zituen.

Irregulartasun larriak salatu ditu ESK sindikatuak Gasteizko Udalaren barne oposizio batean. Hain zuzen, mantentze espezialistaren lanpostuen froga praktikoaren edukiak filtratu egin direla adierazi du sindikatuak: "Udalak irailaren 25ean egin zuen mantentze espezialisten lanpostuak betetzeko proba. ESK-k azterketa egin aurretik ezagutu zuen probaren edukia, eta notariotza batera jo zuen beharrezko akta egiteko. ESK-k berretsi du Udalak eginiko azterketaren eta notario-aktaren edukiak berdinak direla".

Sindikatuak seriotasun eta zorroztasun falta salatu ditu eta nabarmendu du pertsona ugariren lan etorkizuna jokoan dagoela oposizioan. Prozesua gelditzeko eta ardurak argitzeko eskatu du.

Ildo beretik, LAB sindikatuak eskatu du arduraz jokatzeko eta gertaturikoa argitzeko urgentziazko ikerketa zabaltzeko. Halaber, Podemosek eta Irabazik ikerketa bat exijitu dute, eta PPk Funtzio Publikoko zinegotziaren agerraldia eskatu du.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago