Duela urtebete hil zen Javier Olloki Oki musikari ezaguna omenduko dute ostiralean, 22:30ean, Abetxukuko ikastolan egingo duten kontzertuan. Gari, Ruper Ordorika, Potato, Kanabis, Trepi & Friends, edo Txema Parnaso izango dira, besteak beste, aipatu jaialdian.
Teklista eta saxofonista gasteiztarra banda ezberdinetan aritu zen, baina Potato taldea sortu zuen kideetako bat izan zelako da ezaguna. Gasteizko Jesus Guridi kontserbatorioan hasi zituen musika ikasketak: solfeoa, armonia, pianoa eta saxofoia. 1978an bere lehen lanetako bat egin zuen, Ruper Ordorikaren Hautsi da anphora diskan kolaborazio bat.
80. hamarkadaren hasieran Bereberki edo Drakar orkestrekin kolaborazioak egin zituen Okik. Hor ezagutu zuen Timoteo Ozaeta bateria eta, Juantxo Boriko, Pako Pko eta Pedrorekin batera, Potato taldea sortu zuten. Ondoren, Arawak taldearen sorkuntzan ere parte hartu zuen eta Gobeo Bay taldean jo zuen.