Uztailetik daude aldamioak jarrita Gasteizko Eulogio Serdan kaleko 4. eta 8. atarietan, baina ez dira ohiko lanak. Europako Batasunak bultzatu duen SmartEnCity egitasmoaren barnean egindako hobekuntzak dira. Helburuetako bat da CO2ko isurketak murriztea, kasu honetan, berotze sistema adimentsuak martxan jarrita.
Eraikin horietako fatxadak isolatzeko 14 zentimetroko lodiera duten xaflak jartzen ari dira beharginak. 2019ko otsailerako espero dute aldamioak kendu eta fatxada horiek argitara ateratzea.
Eulogio Serdan kaleko bi jabeen komunitate horiek SmartEnCity proiektua aintzat hartzen duten lehenak dira, eta instituzioek Early adopters izaera aitortu diete. Teknologia berrien mundutik maileguan hartutako termino horrekin adierazi nahi dute bi jabeen komunitate horiek berrikuntza lanak egiteko aukera bermatuta dutela, Koroatzerako aurreikusitako proiektuak osotasunean aurrera egingo ez balu ere. Visesa agentziak martxoan esleitu zituen lanak, baina enpresa bakar bat baino ez zen aurkeztu lehiaketara: Kursaal Rehabilitaciones.
Udalaren apustua
Proiektuaren bideragarritasuna lortzeko gutxienez 750 atxikimendu lortu behar zituen Udalak. Zenbaki horretara ozta-ozta iritsi zen. Halere, proiektuan parte hatzen duten erakundeek erabaki zuten lanekin aurrera egitea. Visesa eta Gasteizko Udalaz gain, talde horretako kide dira EEE Energiaren Euskal Erakundea eta Giroa enpresa.
Koroatzea ekoauzo bilakatzeko egitasmoa Udalaren apustu handietakoa izan da azken urteetan. 2016an, Espainiako kongresurako hauteskundeetan, Iñigo Urkullu lehendakaria auzora bertaratu zen, eta EAJk proposatzen duen "garapen ereduaren" adibidetzat jo zuen egitasmoa.