Espazioa erabakita dago: Ruiz de Bergara jauregia. Hantxe egongo da Gasteizko Kafe Antzokia. Uztailean adostu zuten kokapena udal gobernuak eta Euskararen Elkarguneak. Errementari eta Zapatagile kaleen arteko eraikinak hartuko du espazio berria, baita 2014tik lanean ari den Euskararen Etxea ere. Kokapena aukeratzea, ordea, lehenbiziko pausoa besterik ez da izan. Proiektuaren oinarriak marraztuko dituzte orain, ikasturte berriarekin batera: jauregiko espazioen antolaketa, horiek izango duten erabilera, baita proiektua kudeatzeko modua eta finantzaketa ere.
Ruiz de Bergara jauregiari oniritzia emateko zenbait baldintza jarri zituen Lazarraga Kultur Elkarteak, Gasteizko Kafe Antzokiaren sustatzaile nagusiak. Baldintza horien aurretik, ordea, jauregiko espazioen erabilera adostu beharko dela aurreratu zuen, eta udalak onartu egin zuen. Iñaki Lazkano elkarteko kideak horren garrantzia berretsi du. "Proiektua adjudikatu baino lehen, oso ondo zehaztu nahi ditugu zer behar beteko dituen, ezustekorik ez izateko". Ruiz de Bergara jauregiak, orotara, 1.300 metro koadro inguru ditu, lau solairutan banatuta, eta erdian, patio bat. Iñaki Prusilla Gasteizko Euskara zinegotziak lehen zertzeladak eman ditu, espazioek izango dituzten erabilen gainean. Azaldu du, ordea, hilabeteotan hori guztia findu eta adostu beharko dutela. Beheko solairuak 281 metro koadro ditu. Har ditzake egun Montehermoson egiten dituzten ekintzak: erakusketak, hitzaldiak... Lehen solairuak 365 metro koadro ditu, eta horri Zapatagile kalera doan 80 metro koadroko zati bat gehitu behar zaio. Are, aukera dago beheko eta lehen solairuen arteko patio zatia ixteko, eta 80 metro koadro inguru gehiago lortzeko era horretan. Hantxe irudikatu dute Gasteizko Kafe Antzokiaren agertokia, bai eta ostalaritza proiektua ere. Solairu hori bigarren solairuarekin lotuta egongo litzateke, 344 metroko U formadun balkoi bat osatuz: lehen solairuan, 220 pertsona inguru sartuko lirateke, eta bigarrenean, 180.
Azkenik, hirugarren solairuan bulegoak joan daitezke, tailerrak egiteko espazioak... Lazkanok iragarri du espazio hori irekita egon daitekeela hiriko beste elkarteen erabilerarako ere. "Euskalgintzako beste taldeekin hitz egin genuen, eta batzuk prest daude etortzeko: Geu Elkartea, Euskal Herrian Euskaraz, Bai Euskarari, Alea...".
Azala eusteko mamia
Proiektua hartuko duen edukiontziak, Ruiz de Bergara jauregiak, Euskararen Elkargunearen oniritzia izan zuen. Ordea, baiezko baldintzatua izan zen. Aurrez aipatutako espazioen eta erabileren antolaketa adosteaz gain, lehen baldintza zen proiektuaren gaineko adostasun politikoa lortzea: horrek proiektuaren etorkizuna bermatuko lukeela hausnartu zuen Lazarraga elkarteak. Bigarren baldintza, berriz, proiektuaren bideragarritasun ekonomikoa bermatzeko proposamena adostea izan zen.
Gorka Urtaranen gobernuak berme hori irudikatu zuen, abuztu hasieran. Bozeramaileen batzordera adierazpen bat eraman zuen, alderdi guztien babesa lortzeko puntu nagusien gainean: kokapena, elkarlana, finantzaketa... Proposamena aurrera atera zen, baina ez aho batez. EAJk, PSE-EEk, EH Bilduk, Irabazik eta Ahal Duguk alde bozkatu zuten. PP, berriz, abstenitu zen. Talde popularrak azaldu zuen bat datorrela kokapenarekin, baita egitasmoa euskalgintzako taldeekin adostearekin ere. Ordea, testuan "informazio asko" falta zela gaineratu zuen.
Finantzaketari eta kudeaketa ereduari dagokionez, Lazarraga elkarteko kide Iker Urbinak nabarmendu du bi zutaberen beharra izango duela proiektuak: "Kudeaketa partekatua behar du: erakunde publikoen babesa, eta gizarte ekimenaren indarra". Lazkanok gaineratu du administrazioek emango diotela bideragarritasun ekonomikoa. "Tailerrak egingo ditugu, gazteekin lan handia, baina bideragarritasun ekonomikoa ez dio gauak emango: ez da diskoteka bat izango".
Elkarte sustatzaileak hainbat aukera aztertu ditu, eta fundazio bat sortzearen alde egin du, beste hainbat kasu aztertuta: Mintzola, Kataluniako Teatro Lliure... Gasteizko Udalak, ordea, zailtasunak ikusten dizkio eredu horri. "Fundazio izaera izatea ez dugu posible ikusten; proiektua sendotzen denean, agian, baina egun ez", azaldu du Iñaki Prusillak. Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak "organikoki parte hartzeari" uko egin diote. Beraz, eraikina emakida publiko bidez uztea aurreikusi du udalak, eta horren kudeaketa hitzarmen bidez lotzea, beste administrazioen laguntza ekonomikoarekin.
2019rako adjudikatuta
Gorka Urtaranek Ruiz de Bergara jauregia proposatu zuen epeek baldintzatuta, hein handi batean. Errementari eta Zapatagile kaleen arteko eraikinean "lanak azkar hastea" posible ikusi dute udalak eta Lazarraga Kultur Elkarteko kideek. Urtea amaitu aurretik beharren programa adosteko helburua dute bi aldeek, era horretan udalak aukera izan dezan proiektua diseinatzeko eskaintza ateratzeko. Hartara, legegintzaldia amaitu aurretik adjudikatuta egongo litzateke. Are, epeak gehiago murrizteko, proiektua eta lanak kontratu berean aterako dituztela iragarri dute: lanak lizitatzetik amaitu arte 23 hilabete eta bi aste pasako direla esan dute.
Obrak ordaintzeko aurrekontua badagoela gaineratu du Prusillak. 2018., 2019. eta 2020. urteetarako konpromiso kredituak onartuta daude: orotara, 2,5 milioi euroko aurrekontua. Beraz, espazioa adostuta, udalbatzaren bermea jasota, udalaren eta euskalgintzaren artean akordioak lortzeko konpromisoa zehaztuta, eta finantzaketa argituta, aurrera egiteko unea da. Bidea ibiltzen hastekoa, Ruiz de Bergara jauregiaren azala baliatuta, Gasteizko Kafe Antzokia eraikitzeko.