Euskal punk haizeek kulunkatuta eman zituen lehen arnasak Hala Bedi Irratiak. Ordutik, 1983 hartatik, musika izan da komunikazio proiektu gasteiztarraren edukiei oxigenoa emateko ardura izan duen odola. Zenbakaitzak dira Hala Bediren sinadurapean antolaturik disfrutatu ditugun kontzertu eta festibalak. Horietako batzuk ahaztezinak, 2008ko Piztu Gasteiz tartean.
Orain, musikan, Hala Bedi eta Gaztetxearen arteko harremanari Muinoko Hotsak deituriko ekimenak ematen dio trinkotasuna. 2016an hasi ziren, udaberri eta udazkenetan, hilabetean behin, Gaztetxean kontzertu bikoitza antolatzeko konpromisoarekin. Antolakuntzak ezarritako baldintza negoziaezin bakarra, etxeko bandak laguntze aldera: bi bandetako bat derrigor Arabakoa izatea.
Eta udazkenarekin batera heldu zaigu, ostiral honetan, sasoiko lehen Muinoko Hotsak. Irailaren 21eko gaua Libe eta Jupiter Jon taldeentzat erreserbatuta dago. Libek Ilargia erori da diskoko pop-rockarekin bete-betean asmatu duela argi utzi du izandako arrakastak. Gasteiztarrekin kartela osatzen Jupiter Jon Irungo laukotea izango da. Bidehuts zigilukoak aspaldian zeuden Gasteizen jo gabe; beraiekin post-punkak sortzen duen atmosferara bidaia.
Urriaren 20an Gaztetxearen eta Anestesia beteranoen arteko maitasun harremanaren kapitulu berri baten lekuko izan gaitezke. 25 urte bete dira Gorrotoaren ahotsa diskoa argitaratu zutenetik, eta berriz argitaratzeko erabakia hartuta, sei kontzertuko bira egingo dute Euskal Herrian barrena. Horietako bat Muinoko Hotsaken. Etxeko ordezkari gisa, Gasteiz Hardcore Crew kolektiboko No Regret taldea izango da egun horretan. Kilowattio ugariko deskarga gau horretarako prestatu digutena.
Azaroaren 16an ospatuko da hirugarren emanaldia. Tara eta Lumi protagonista. Tara gasteiztarrak aurretik Hala Bedi Rock festibalean euren gaitasun musikalak erakutsitakoak dira. Lumi Iparraldekoak, berriz, estilo aldaketa ekarriaz, pop atmosfera elektronikoan murgilduko gaitu.
Abenduaren 14rako iragarri digute sasoiko laugarren emanaldia: Paura eta D-Tox. Bi talde hauen punk hots eta jarrerek Gasteiz Calling partikularra bisortuko dute Gaztetxean. Lehenengoek Bartzelonatik dakarte; Distorsion Toxicak, dagoeneko lau disko argitaratu dituzten arabarrek, Demolición berriena ekarriko dute.