LAB sindikatuak salatu du Supermercados Sabeco SAU enpresak Gasteizko Etorbidean duen Simply City izeneko denda irekitzea erabaki duela urteko 365 egunetan, igande eta jai egunetan barne. "Enpresa honezkero lan egutegi berriak banatzen ari da banan-banan langileei. Egutegi horietan, beste gauza batzuen artean, igandeak lan egun bezala azaltzen dira, eta 01:15ean ixteko ordutegi bezala".
Sindikatuaren esanetan, aldaketak langileen lan baldintzetan aldaketa nabarmena ekarriko duen arren, enpresak ez du "behar bezalako prozedura bete", eta ez die langileei aldaketaren berri idatziz eman.
LABek erabakiaren kontra egingo duela azpimarratu du: "Urteak daramatzagu igande eta jai egunetan ez irekitzeko defendatzen, eta lana eta bizitza uztartzeko langileek duten eskubidearen alde borrokatzen. Liberalizazioaren aurka gaude, enpresa handien mesedetan bakarrik delako, kalitatezko enplegua suntsitzen duelako, eta gure kontsumo ereduak aldatzen ahalegintzen delako".