Bueltan da Kantari Gasteiz. Irailaren 24an, astelehenean, zabalduko da haur eta gaztetxoen karaoke ikuskizunean izena emateko epea, eta urriaren 8an bukatuko da.
Parte hartzeko interesa dutenek alea.eus/kantari webgunean aurkituko dute ikuskizunari buruzko informazio guztia eta bertan aurkituko duten galdetegia betez eman ahalko dute izena.
Parte-hartzaileek zalantzak argitu edota informazio gehigarririk behar izatekotan, kantari@geuelkartea.eus helbide elektronikora idatzi edota 640 57 49 96 telefono zenbakira deitu dezakete.
2016an egin zen lehen aldiz Kantari Arabako hiriburuan, eta hasieratik oso harrera ona izan du. Neska-mutilen artean euskarazko kantuak sustatzea du helburu, lehiaketa kutsua alde batera utzita, eta euskal kantuak abesten eta dantzatzen ondo pasatzeko. Hirugarren edizio honetan Gasteizko ikastetxe guztietako 7 eta 11 urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute; denera, 300 bat lagun.
Zozketa bidez
Izena ematen duten guztien artean zozketa egingo dute; urriaren 15ean jakinaraziko da parte-hartzaileen behin betiko zerrenda, beraiekin zuzenean kontaktuan jarriz. Horrekin batera, talde bakoitzari zozketa bidez tokatu zaion kantuaren eta entsegu zein grabazioaren egunaren berri ere emango zaio.
Ikuskizunaren grabazioa heltzen den bitartean, euren abestiak entseatu beharko dituzte. Horren harira, garrantzitsua da azaroaren 17an eta 18an egingo diren entseguetarako kantuaren letra eta koreografia ondo ikasita izatea. Entseguak errepasatzeko eta haurren zalantzak argitzeko izango dira, grabazio egunean lasaiago egon daitezen.
Ikuskizuna azaroaren 24an eta 25ean izango da; orduan grabatuko dira karaoke saio guztiak, Dendarabako Vital Kutxa Fundazioaren aretoan. Parte-hartzaile bakoitzari lau gonbidapen banatuko zaizkie grabazio egunean bertan, guraso, familia edo lagunak ere ikuskizuna ikustera sar daitezen.
Kantari jaialdia GEU elkarteak, Goienak eta ALEAk antolatzen dute, eta Gasteizko Udalak eta Vital Kutxa Fundazioak diruz lagunduta dago