Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoaren ebazpenari jarraituta, Gasteizko Udalak FCC garbiketa enpresarekin duen kontratua bertan behera uzteko prozesua abiatuko du. Halaber, lau urterako lehia berria deituko du. Hiriko alkate Gorka Urtaranek gaur azaldu duenez, Euskadiko Aholku Batzorde Juridikoak bide hau jasotzen du "zerbitzuaren funtzionamendu okerrak udalerrian eragingo lituzkeen ondorioak saihesteko".
Urtaranen esanetan, Aholku Batzorde Juridikoak bi alderdien arteko adostasunez kontratua etetea proposatzen du, eta hala egin asmo du Udalak: "Begi bistakoa da zerbitzuak ez duela zuzen funtzionatzen. Hori dela eta, aztertu beharrekoa da Udalaren eta aldi baterako enpresa-elkartearen arteko kontratua ebazteko adostasunera iristeko aukera, hartara hiriak kalte handiagorik izan ez dezan".
Udal gobernuko taldeek Kontrataren Jarraipen-Mahaiaren premiazko bilera eskatu dute, oposizioko taldeei egoeraren berri emateko.