Hirurogeitik gora aparkaleku galduko ditu Judimendiko Tornay Medikuaren kaleak oinezkoentzat egin eta gero. Iñaki Prusilla Espazio Publikoko zinegotziak adierazi duenez, Udala saiatuko da aldameneko kaleetan espazio gehiago sortzen, murrizketak arintzeko. Nabarmendu duenez, Judimendiko auzo elkartea ados dago aldaketarekin.
Eraberritzearen lehenengo proba hilaren 22an egingo dute, Mugikortasun Iraunkorraren Europako Astearen ospakizunen harira. Jarduera ugari aurreikusita daude zonalde horretan, 11:00etatik 14:00etara bitartean, "autoek okupatzen duten espazio publikoa berreskuratzeak pertsonei nolako onura dakarkien erakusteko".
Besteak beste, informazio-stand bat izango da bertan, eta kalea eraberritzeko proiektua erakutsiko zaie bizilagunei. Halaber, doako hainbat lantegi izango dira: zero kilometroko sukaldaritza-lantegi bat eta txikientzako irakurketa-lantegi bat. Gizarte-etxeko ludoteka ere bertara aldatuko da egun horretan. Bestalde, nordic walking lantegi batean parte hartu ahal izango dute nagusiek, baita jarrera-higienearen arloko lantegi batean ere. Auzoko hainbat dendek kalera aterako dituzte beren produktuak, eta zuzeneko musika izango da, DJekin.