Urtea amaitu arte, gutxienez, ez dituzte rokodromoak zabalduko

Erredakzioa 2018ko ira. 12a, 13:14
Salburuko gizarte etxeko rokodromo berria itxita dago. ALEA

Ogeta pilotalekua itxi dute, segurtasun neurriak betetzen ez dituelako.

Kirolzaleak ez daude zorioneko Gasteizen. Urtea amaitu arte, gutxienez, ez du esleituko Udalak hiriko rokodromoen kudeaketa, eta horrenbestez, Ariznabarra eta Hegoalde gizarte etxeetakoak eta Salburuko rokodromo berria ere itxirik jarraituko dute. Estibaliz Canto Kultura eta Kirol zinegotziak hala azaldu du, EH Bilduko Iratxe Lopez de Aberasturik saileko udal batzordean eginiko galdera bati erantzunez.

Lehiaketa hutsik geratu zen joan den uztailaren 23an, Udaleko bozeramaileen batzordean EAJk eta PSEk erabakita. Aurkeztu zen enpresa bakarrak prezioa gainditzen zuela eta ez zituela baldintzak betetzen argudiatu zuten. Hain zuzen, 140.800 euroko aurrekontua zuen kontratua atera zuen lehiaketara Udalak, eta 173.000 eurokoa zen enpresak aurkeztutakoa. Cantok argitu duenez, enpresak eskaintzen dituen orduetan dago aldea, izan ere Udalak 8.494 orduko zerbitzua eskatzen du, eta enpresak 10.000 orduko zerbitzua aurkeztu du. "Azpiegitura bat zenbat orduz dagoen zabalik Udalak erabaki behar du, ez enpresak", esan du Cantok. 

Dena den, zinegotziak nabarmendu du azaroan ospatuko den Euskadiko Eskalada Txapelketarako prest izango dela Hegoalde gizarte etxeko azpiegitura, "lehiaketa egunetarako eta aurretiko entrenamenduetarako".

Ogeta itxita

Halaber, Ogeta frontoia muga gabe itxita dago, abuztuaz geroztik, segurtasun arazoak medio. Eusko Jaurlaritzaren aginduz itxi behar izan du Gasteizko Udalak Beti Jai kiroldegia, segurtasun plan berria aurkeztu arte. Segurtasun plana betetzeko egin behar diren obrak esleitu beharko ditu Udalak, eta prozesua luzatuko denez, bitartean arkitekto bati eskatu dio behin-behineko segurtasun plan bat aurkezteko azpiegitura lehenbailehen zabaldu ahal izateko. 

Bitartean, Beti Jai kiroldegiaren jarduera guztiak hiriko beste frontoietara lekualdatuko dituzte. Zabalik dagoen zonalde bakarra Ostalaritza Eskolarena da.

EH Bilduk, Gorka Urtaran alkatearen "utzikeria eta aurreikuspen falta" salatu ditu.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide