Elektoralismoa salatu dute Elvira Zulueta aferan

Erredakzioa 2018ko ira. 6a, 12:17

Elvira Zuluetan egin nahi dute Ardoaren Etxea. PHOT.OK

Lezako Mahaiaren irudikoz, Gorka Urtaran "alkatetza lortzeko lasterketan" bultzatzea da Ardoaren Etxearen proiektuaren helburua.

Egun hauetan jakingo da Gasteizko Senda pasealekuan hutsik dagoen Elvira Zulueta jauregia Ardoaren Etxea bihurtzeko erronka zer enpresak edo enpresek hartzen dute bere gain. Gasteiz Wine City izeneko enpresarien elkarteak interesa izan dezakeela zabaldu dute hainbat hedabidek, baina letra hauek idazteko unean ezin da jakin proposamena aurkeztu duten edo ez. 

Dena den, aukera horren harira oso kritiko azaldu da Arabako Errioxako Lezako Mahaia. Ardoaren Etxearen asmoa "zentzugabekeria" dela berretsi dute, eta atzean dagoen helburua Hiri Erdiko Masterplana aurrera ateratzea dela, "Urtaran jaunari alkatetza lortzeko lasterketan bultzatzeko".  

Are gehiago, Gasteiz Wine Cityren hautagaitzaren atzean adiskidekeria egon daitekeela iradoki du Lezako Mahaiak: "Astakeria burutzear da. Aurpegi berdinak, izen berdinak, 'oso lagunak diren lagunak'. Itzal jeltzalea oso luzea da, eta Arabako Errioxan denak edo ia denak mutu daude". Izan ere, Lezako Mahaiak esan duenez, Gasteiz Wine City taldearen atzean daude diru-laguntza publikoak jasotzen ari diren edo jaso dituzten Arabako pertsona ospetsuak; Patxi Anton, Mari Asun Saenz de Samaniego edo Javier Ruiz de Galarreta aipatu ditu taldeak.

Gasteizko Udalak enkantera atera zuen Elvira Zulueta jauregiaren inguruko asmoa iragan ekainaren 22an, baina ez zen proposamenik aurkeztu, eta epea luzatzea erabaki zuten. Ardoaren Etxearen inguruko hainbat kontsulta tekniko jaso zituztela argudiatu zuten udal arduradunek, eta horiei behar bezala erantzuteko denbora behar zela. Beraz, epea irailaren 6ra arte luzatu zuten. Abuztuaren amaieran jakin izan zen Gasteiz Wine City izeneko elkarteak asmoa zuela enkantera aurkezteko.

Diru publikoa

Aukera horren harira, Lezako Mahaiak hainbat galdera jarri ditu mahai gainean: "Zergatik agertu dute interesa azken momentuan, asmoaren kudeaketak eta eraikinaren konponketak ekarriko dituzten kostu ekonomiko altuek ekimen pribatua uxatu dutenean? Nondik lortuko dute halako egitasmo bat aurrera ateratzeko dirua? Erakunde publikoetatik? Diru publikoarekin ordainduko dira eraikin horretan egin behar diren konponketak?". 

Halaber, Arabako Errioxan Ardoaren Etxea kokatzeko aukera baztertu izana gogor kritikatu du Lezako Mahaiak beste behin, baita Aldundiak izan duen jokaera ere. "Zergatik lagundu behar du Arabako Diputazioak Gasteizko eraikin bat birgaitzen, Samaniegoko jauregia Rothschild familiari  gaizki saltzen dion bitartean?" galdetu dute. Ildo beretik, nabarmendu dute Arabako Errioxak ez duela ezer irabaziko bere "marka" hiriburuari emateagatik. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago