Euskal komikiaren panoramika, Gasteizen ikusgai

Mirian Biteri 2018ko ira. 8a, 07:00

Urriaren 3ra arte egongo da ikusgai Sancho el Sabio fundazioan 1975. urtetik gaur egunera arteko  ibilbidearen gaineko erakusketa.

Proiektu interesgarrian murgilduta ibili dira azkenaldian komikigintzarekin lotura zuzena duten Kike Infame eta Mikel Begoña. Euskal komikiaren azken 45 urteotako historia sakon aztertu dute, eta horren gaineko funtsak jaso ostean Komikia, 1975-2017 izeneko erakusketa prestatu dute. Skolastikako Josune Muñozen laguntza izan dute zeregin horretan.

Bilboko Bizkaiko Foru Liburutegian erakusgai egon ostean, Gasteizen bisitatu daiteke orain; hain justu ere, Sancho el Sabio fundazioak Betoñun duen egoitzan egongo da ikusgai, urriaren 3ra arte.
Erakusketak kronologikoki azaltzen ditu euskal komikiaren ibilbidearen mugarri nagusienak. Berezkoak dituen azal eta orrialdeekin ilustratuta, komikigintzaren garai ezberdinen berri ematen dute 35 panelen bidez. Horrez gain, Sancho el Sabiotik lortutako jatorrizko argitalpenak ere badaude erakusketan.

Hamarkaden bidez

Asteon egindako aurkezpenean, Infame eta Begoña komisarioek adierazi dute hamarkadetan dagoela banatuta. Hala, Antton Olariaga, Juan Carlos Eguillor edo Gentz del Valle aitzindarien lanen errepasoarekin hasten da. Jarraian, 80. hamarkadan komikigintzak izandako gorakada, eta ondorengoan jasandako krisialdia ere jasotzen ditu bildumak; eta baita 2000. hamarkada hasieratik gaur artekoa ere.

Beste alde batetik, egungo egoera "ona" nabarmendu dute komisarioek. Horrekin lotuta, hiru zutabe azpimarratu dituzte: TMEO aldizkari satirikoa, 30 urte daramana politikoki zuzenena ez den umorea eskaintzen; Astiberri argitaletxea, nazioarte mailan ere erreferente dena; eta Xabiroi aldizkaria.

Erakusketa egitearekin batera, katalogo bat ere osatu dute. 150 orrialde dituen argitalpenak eta modu grafikoan ilustratzen du euskal komikigintzaren ibilbidea. "Liburu integratzailea da, eta denboran zehar apustu propio bat aurrera eramateko gure mugen barruan nahiz kanpoan izan dituen hainbat sentsibilitate eta saio agertzen ditu", adierazi dute.

Bestelako jarduerak

Urriaren 3ra bitartean ikusi ahal izango da erakusketa: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara; eta ostiraletan, 08:00etatik 15:00etara. Bestalde, biñeten errealitatea hobeto ezagutzeko asmoz, hainbat jarduera antolatuko ditu Sancho el Sabio fundazioak erakusketa zabalik dagoen bitartean

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago