Hasi da Alicia haurtxoaren hilketa argitzeko epaiketa

Erredakzioa 2018ko ira. 5a, 15:55
Alicia haurraren hilketa salatzeko egindako elkarretaratzea. / Alea

Alicia haurra hiltzea eta haren ama hiltzen saiatzea leporatuta, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu dute akusatuarentzat, EAEn lehendabiziko aldiz

Asteartean hasi zen, Arabako Lurralde Auzitegian, 17 hilabeteko Alicia haurraren hilketa argitzeko epaiketa. 2016ko urtarrilaren 25ean gertatu zen krimena; ustez, gizon batek umea leihotik bota zuen, eta, ostean, haurraren ama hiltzen saiatu zen. EAEn, lehenengo aldiz, espetxe iraunkor berrikusgarria eskatu dute akusazioek eta Fiskaltzak, umea "azpikeriaz" hil zuela leporatuta. 

Ikusmin handia sortu du Gasteiz kolpatu zuen hilketa haren epaiketak. Zazpi emakume eta lau gizon aukeratu dituzte herri epaimahaia osatzeko, eta egunotan entzuten ari dira akusazio eta defentsaren argudioak.  

Gasteizko Askatasuna kaleko lehen pisu batetik bota zuen haur txikia, ustez,  Daniel M. musika irakasleak. Umeari sexu erasoak egin zizkiola aitortu zion Ertzaintzari, eta bikotekideak abusuak egiten harrapatu zuela gizona. Jarraian, itxita zegoen leiho batetik bota zuen emakumearen alaba. Hil egin zen garezur eta garun traumatismo larrien ondorioz.

Jesus Poncela magistratuak, auzitegiko epaimahaiaren presidenteak, epaitu beharreko gertakariak mugatu ditu autoan, eta ama hiltzeko saiakeran "azpikeriarik eta ankerkeriarik" ez zela izan argudiatu du;  hortaz, ezin da hilketa saiakera zigorrik eskatu, nahiz eta bi akusazio partikularrek eta herri akusazioak (Clara Campoamor elkartea) hori eskatu duten.

"Gaizkiaren hazia"

 Ustezko hiltzaileak, bere aldetik, diagnostikatu gabeko "eskizofrenia paranoide larria" duela argudiatu du defentsak. Abokatuaren arabera, kanabisaren eta alkoholaren kontsumoak areagotuta, "ankerkeriaren haragitzea" ikusi zuen gizonak umearen aurpegian; erotasuna dela eta, salbuestea eskatu du defentsak. Akusatuak bere burua "aingeru txuri" baten moduan ikusten zuela adierazi zuen asteazkeneko deklarazioan, eta "munduaren suntsiketa saihestu" behar zuela; ama, berriz, gizateriarekin amaituko zuen "gaizkiaren hazi" gisa ikusten duela adierazi du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide