URA Agentziak eginbideak abiatu ditu Arrato ureztatzaile-elkartearen kontra, uztailaren 23an ikuskariei haien azpiegituretan sartzea ukatu zietelako. URAk adierazi duenez, ikuskatzaileen helburua zen azpiegiturak ezarritako arauetara egokitzen den argitzea, eta azpiegituraren sarrerako zein irteerako emarietan laginak hartzea. Halaber, URAk atzeman duenez, azpiegituren egoera dela eta, Zadorrara baimenik gabeko isurketa egiten ari da Arrato elkartea.
Arratoko ureztatzaile-elkarteak Gasteizko hondakin-urak nekazaritzako lurrak ureztatzeko berrerabiltzen ditu. Araututako emakida bati esker erabili ahal ditu Ariniz inguruko Arratoko elkarteak Krispiñatik datorren ura, baina betebehar batzuk ezartzen zaizkie, horien artean uren kalitateari dagozkion batzuk.