Zabalik da Gazte Klik-Klak argazkien eta bideoen lehiaketan parte hartzeko epea

Erredakzioa 2018ko ira. 1a, 07:00
2018. urteko Gazte Klik Klak lehiaketaren erakusketa, Amarikan. ALEA

 Aurten, 'Kultura eta hiria' lelopean antolatu dute lehiaketa.

Gazte Klik-Klak gazteentzako argazki digitalen eta bideoen lehiaketan lanak jasotzeko epea ireki da. 14 eta 25 urte bitartekoentzako lehiaketan lanak aurkezteko aukera dago  urriaren 16ra arte. Lanak argazki sortetan, bideo formatuan eta gif animatuetan aurkez daitezke.

Gasteizko Udalaren Gazteria Zerbitzuak antolatuta, hamargarren edizioa beteko du lehiaketak. Aurten,  'Kultura eta Hiria' lelopean, "elkarrekin lotutako toki aniztunak barne hartzen dituzten kultur adierazpenak eta hiria esploratu nahi ditugu. Nortasun anitzetatik sortzen den leku mestizoa, kultura eta sormena adierazteko eta hiri heterogeneoa sortzeko", adierazi dute antolatzaileek.

Irabazleen eta hautatuen lanak ikusgai izango dira ZAS Kulturgunean antolatuko den erakustaldi batean, abenduan. Katalogo bat ere egingo da ikusgai egongo diren lanekin. Erakusketan izango diren lanen artean lau parte hartzailek aipamen berezi bat jasoko dute. Hala, 300 euroko bono trukagarria eskuratuko dute argazki, bideo edo kultura materiala lortzeko, eta parte hartzeko aukera ere izango dute Tetrapack 2019 erakustaldian, martxotik aurrera. 

Gazte Klik-Klak 2019 eta Tetrapack 2019ko edizioak Ibon Saenz de Olazagoitiak komisariatuko ditu, ZAS Kultur elkartearen izenean. Aurten, komisario lanetan Jennifer Custodiok lagunduko dio, 2015eko Tetrapackeko egileetako bat.

Informazio gehiago eta lehiaketaren oinarriak, hemen: www.vitoria-gasteiz.org/gazteria .

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide