Eskaladarik gabe ikasturte hasieran

Erredakzioa 2018ko abu. 30a, 13:43

Rokodromo berria irailean ireki behar zuten Salburuko gizarte etxean. / Alea

Itxita egongo dira irailean Gasteizko udal rokodromoak, kudeaketa esleitu gabe geratu eta gero.

Eskaladak inoiz baino zale gehiago dituenean, itxita egongo dira Gasteizko udal rokodromoak; Ariznabarra eta Hegoalde gizarte etxeetakoak ez dituzte irailean irekiko, ezta Salburuko rokodromo berria ere. 

Oraingoz ez dago kudeatuko duen enpresarik, Udaletik jakinarazi dutenez. Lehiaketa hutsik geratu zen joan den uztailaren 23an, Udaleko bozeramaileen batzordean EAJk eta PSEk erabakita. Aurkeztu zen enpresa bakarrak prezioa gainditzen zuela eta ez zituela baldintzak betetzen argudiatu zuten. Hain zuzen, 140.800 euroko aurrekontua zuen kontratua atera zuen lehiaketara Udalak, eta 173.000 eurokoa zen enpresak aurkeztutakoa.

Joan den urtean ere hutsik geratu zen kudeaketa lehiaketa, eta "kalitatezko" zerbitzu bat emateko prezio "baxuegia" zela azaldu zuen enpresak. "Hau horrela izanda ere, Urtaranek akats berdina egin du bigarren aldiz eta bere kudeaketa txarraren ondorioak erabiltzaileek pairatuko dituzte", aipatu du Iratxe Lopez de Aberasturi EH Bilduren zinegotziak.

Albisteak iruzkin zaparrada eragin du Udalaren webgunean: https://labur.eus/0az2p

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago