Irailean hasiko da Danzalavaren hirugarren edizioa

Erredakzioa 2018ko abu. 29a, 12:12
Federica Portello Danzalava proiektuan parte hartuko duen koreografoa. DANZALAVA

Lantegiak, erakusketak, sorkuntza laborategiak, nazioarteko topaketak, eta gazte sortzaileei laguntza eskaintzeko ekintzak antolatu dira.

Altraste Danza taldeak antolatutako Danzalava proiektuaren hirugarren edizioa hasiko da irailean, Gasteizen. Dantza garaikideko sortzaileentzat, eta batik bat emakume sortzaileentzat sostengu izatea eta mugimenduen hizkuntzan hausnartzea eta horretan trebatzea dira aurtengo edizioaren helburu nagusiak. Dantza garaikidearen munduan ibilbide azpimarragarria egiten ari diren profesionalek hartuko dute parte Danzalavan: Federica Porello, Mark Tompkins, Monica Valenciano, Vera Mantero, Katie Duck eta Idoia Zabaleta.

Hamaika hilabetez era guztietako ekimenak eskainiko dituzte dantza garaikidean aritu nahi direnentzat. Hala, dantzaren profesionalentzat zuzenduta egongo dira lantegiak, eta iraila, urria, urtarrila eta uztailean burutuko dira, bost eguneko iraupenarekin. Halaber, Danzalava proiektuak emakume sortzaile baten lana babestuko du, Azala espazioan egingo duen egoitzaren bitartez; sorkuntza prozesu horretan Idoia Zabaletaren laguntza koreografikoa izango du.

Halaber, publikoa sentsibilizatzea eta dantzara erakartzea proiektuaren parte garrantzitsua dira, eta honezkero gonbidatu dituzten koreografoek aurkezpen publikoak ere egingo dituzte, lantegiekin batera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide