Olarizuko erromeriaren atarian piztu da eztabaida

Erredakzioa 2018ko abu. 27a, 10:43

Olarizuko erromeria ospatuko da irailaren 10ean.

Mendiolako kontzejuak Olarizuko gurutzea eraisteko erabakia hartu du. Gasteizko Udala eta Aldundia ez daude ados.

Eztabaida piztu da Olarizuko erromeriaren atarian. Olarizu mendian dagoen gurutzearen jabea da Mendiolako kontzejua, eta monumentua eraistea erabaki du, frankismoarekin duen lotura dela eta. Uda aurretik bozkatu zuten herritarrek, eta hamarretik zazpi agertu ziren sinbolo frankista kentzearen alde. "Ezin dugu ahaztu ikur horrek zer sinbolizatzen duen", esan du Ibon Urizarrek, Mendiolako batzarreko fede emaileak. 

"Askapenerako gurutzadan gure aberriaren eta Kristoren alde eroritako" apaizei egiten die omenaldia Olarizuko gurutzeak. Jatorrian, 1951ko azaroan, Gasteizen, ospatutako Misio Santua gogoraraztea zuen helburu eta herritarren "borondatezko" ekarpenei esker eraiki zuten, baina erregimen frankistako agintariek zentzua aldatu zioten gero. "Herriko zaharrenek gogoratu dute dirua jarri behar izan zutela hori egiteko, eta... Ea nor ausartzen zen garai horretan proiektua ezbaian jartzera", azaldu du Urizarrek.

Mendiolako herritarrek hartutako erabakia Gasteizko Udalaren asmoen kontra doa. Udala gurutzea mantendu eta plaka bat jartzearen aldekoa da. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak ideia hori berretsi du azken egunotan, eta zalantzan jarri du gurutzea kentzeko erabakiaren zilegitasuna. "Udalaren esku badago, ez da gurutzea kenduko; ikusteko dago, era berean, Mendiolako batzarrak hori erabaki dezakeen". Arabako ahaldun nagusia ere gurutzea dagoen bezala uztearen alde agertu da, eta adierazi du Olarizu mendian dagoen gurutzea ezin dela frankismoaren ikur modura interpretatu.

Gasteizko Udalak egoera berria aztertzen duen bitartean, irailaren 10ean, Olarizuko erromeria egunean, gurutzeari testuingurua emateko plaka jarriko du. Ez gurutzean, baizik eta beheko zelaietan, Gasteizko lurretan.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago