Gasteizko jaiak 2018

Hiart Nevado eta Unax Montero izango dira aurtengo Edurne eta Zeledon Txiki

Mirian Biteri 2018ko abu. 1a, 12:07

Gaur goizean egin dute aurkezpena Gasteizko udaletxean.

Zeregin garrantzitsua egokitu zaie aurtengo jaietan Hiart Nevado Lozano eta Unax Montero Hernandez gasteiztarrei. Hain justu ere, Edurne eta Zeledon Txikiren papera beteko dute abuztuaren 7an; eta asteazkenean jaso zituzten Gasteizko udaletxean jaitsiera egiteko euritakoak.

Zoroak kuadrillakoa da 12 urteko Hiart; Unaxek, berriz, 10 urte ditu eta Luken kuadrillan dago. Asteon egindako aurkezpenean azpimarratu dute "oso pozik eta ilusio handiarekin" daudela. "Urduri samar" ere badaudela onartu dute, Unaxek esanetan, "Gasteiz hiriarentzat oso paper inportantea delako". Hiartek, bere aldetik, gogorarazi du bera izango dela Edurne izeneko lehen neska, eta horrek ere errespetua ematen duela.

2002. urtean atera zen lehenengo aldiz Neska Txiki pertsonaia, eta 2008an panpina.  Aurten, esan bezala, Neska Txikiri izena jartzea erabaki da, eta Haur eta Nerabeen Elkargunean egindako parte-hartze prozesuaren ondotik, Edurne izatea adostu da; 8 eta 14 urte bitarteko haurrek hartu dute erabakia. Edurne, Blanca eta Zuriñe artean aukeratu behar izan dute jaietako protagonistaren izena, eta lehenengoa irten da garaile.

Andre Mari Zuriaren plazan

Neska Txikiri izena aukeratzeaz gain, badago umeen egunarekin lotutako bigarren aldaketa bat: Plaza Berrian beharrean, Andre Maria Zuriaren plazan egingo dutela lehen aldiz Zeledon Txiki eta Edurneren jaitsiera. Denera, 35 urtez izan da lehengo kokapenean.

Zeledonek abuztuaren 4an egiten duen moduan, enparantza zeharkatuko dute bi pertsonaiek; horretarako, Zeledon Txikiren panpina Edurneren pisu eta tamainara egokitu behar izan dute. Jaitsieraren ondoren, San Migeleko balkoian agertuko dira Hiart eta Unax, asteon jasotako aterkiekin

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago