Gasteizko jaiak 2018

Euskarak beteko du plaza

Erredakzioa 2018ko abu. 1a, 11:29

Urtero bezala, 200 lagun inguru arituko dira GEU elkarteak Aihotz plazan jarriko duen txosnan. / Zaldi Ero

Jaietako ohiko eskaintzarekin batera, bi eguneko egitarau propioa prestatu du GEU elkarteak Aihotz plazan izango duen txosnaren inguruan; aurten, Uri Ruiz Bikandi euskaltzalea omenduko du euskara elkarteak.

Zazpigarren urtez, GEU elkartearen txosna arduratuko da Aihotz plaza girotzeaz Gasteizko jaietan. Aurten, hilaren 2an zabalduko ditu ateak, eta zortzi egunetan musikaz, dantzaz, giro alai eta euskaldunez beteko ditu plazaren bazter guztiak.

GEU txosnako ohiko eskaintzaz gain, bi egunetako egitarau propioa prestatu dute, jaiak hasi aurretik. Hala, abuztuaren 2an Aihotz Txotx eguna izango dute, eta sagardoa, txorizoa, bakailao tortilla eta dantza izango dira protagonistak. Jaia 18:00etan hasiko da, umeentzako Dj Porru-ren dantzaldiarekin. Ondoren, 19:30ean urtero GEU elkarteak ematen duen GEUre saria banatuko dute. 

Aurten, Uri Ruiz Bikandi irakasle eta idazle euskaltzalea omenduko dute, euskararen alde egindako ibilbidea eskertzeko. Elkartetik nabarmendu dutenez, "euskararen didaktikan aitzindaria" izan da Ruiz Bikandi. Gaztetatik euskara bultzatu eta irakasteko moduak jorratzen aritutakoa izan dela gogoratu du elkarteko zuzendaritza batzordeko Manolo Martinezek: "Modu berritzaileak sortu zituen bigarren hizkuntza bat ikasteko. Material pila bat sortu zuen, talde batekin batera. Denok ikasi genuen pila bat hari esker!". Aurreko urteetan, besteak beste, Pako Eizagirre irakasleak, Iban Zaldua idazle eta Irakurle Klubeko gidariak eta GEU aldizkaria sortu zutenek jaso dute saria.  

Saria banatu ostean, dantzazaleen tartea izango da, Azido Folkloriko taldearekin eta dantza-plaza saioarekin.

Euskaraldia

Abuztuaren 3an, berriz, Euskaraldia ekimenak hartuko du protagonismoa. 18:30etik aurrera, txapa tailerra, mural margoketa, lehiaketa dibertigarriak eta ekimenaren inguruko informazioa egongo da Aihotz plazan. 20:00etan, berriz, musika eta dantza izango dira nagusi. Lehendabizi, La Pulga artistaren Berriketan ikuskizunarekin, flamenkoa eta txalaparta uztartzen dituena. Ondoren, Garilak 26 taldeak kontzertua eskainiko du.

Urtero bezala, 200 lagun inguru ibiliko dira GEU txosnan laguntzen; barran zein sukaldean, boluntario bezala, goiz, arratsalde eta gaueko txandak egiten. Hauei guztiei eskerrak eman nahi dizkie elkarteak, haien laguntzarik gabe ezingo bailuke GEUk Aihotz plazako txosna aurrera eraman. Ia txanda guztiak bete badituzte ere, azken orduan laguntzeko aukera izango dute izena ematen dutenek

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago