“Kirol kazetaritzan, emakumeok bigarren mailan utzi gaituzte”

Juanma Gallego 2018ko abu. 3a, 06:00
Olga Jimenez kirol kazetaria. / Alea

Kirola eta irratia izan ditu aspaldiko bizilagun Olga Jimenez kazetariak, eta bereziki emakumeen zein desgaituen begietatik hurbildu da kirolaren errealitatera. Beste zazpi emakumerekin batera, kirolean ohikoak diren balioen beharra aldarrikatu du aurtengo Gasteizko jaietako pregoian, horiek bizitzarako tresna izan daitezkeelakoan.

Tania Lamarca, Irati Anda, Janire Fernandez de Olano, Nagore Martin, Masia Ascasso eta Maider Mendia kirolariekin, eta Araskiko entrenatzaile Made Urietarekin partekatu du Olga Jimenez (Gasteiz, 1972) kazetariak aurtengo jaietako pregoia emateko ardura. Kirolari lotutako balioak aldarrikatu dituzte bertan: horietan oinarrituta, gizarte hobeagoa eraiki daitekeela uste dute.

Zortzi emakumek eman duzue pregoia. Nola sortu da abagunea?

Aurten Udalak pregoi eredu desberdina egin nahi izan du, batez ere martxoak 8ak eman zuenari segida emateko: hortik dator kirolari lotutako zortzi emakumeren presentzia. Niretzat pribilegioa izan da protagonismoa partekatzea hain estimu handian ditudan emakumeekin. Batez ere Made Urietarekin izan dut harremanik handiena, baina besteak gertutik jarraitu ditut: sakrifizio asko egin ostean, erreferente bilakatu dira.

Sakrifizioa aipatu duzu. Emakume izateagatik halako gehiago egin behar al da?

Zalantzarik gabe, bai. Neska haiei esker jakin dut zer den gizonezkoen pare entrenatzea eta ahalegin berdina egitea, eta gero ordainsari berdina ez jasotzea. Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko ezberdintasunak oraindik agerikoak dira, batez ere hainbat kiroletan. Kazetaritzaren munduan ere hala da: asko kostatzen da aurrera joatea; emakumearen rola beti bigarren mailakoa da, eta oso zehatza, gehienetan. Futbolean, esaterako, emakumea beti da haririk gabeko mikrofonoaren aurrean dagoena.

Beti irratiari lotuta ibili zara. Nola hasi zinen?

Bekadun gisa Radio Vitorian hasi nintzen. Gorbeia irratian gaueko irratsaio bat egin nuen, zortzi urtez. Beti gustuko izan dudan formatua da gauekoa, baina sare sozialik gabeko garai horretan nahiko zaila zen jendeak irratira deitzea. Maitasunez esanda ere, Gasteiz nahiko hiri apala da, eta arras zaila izan zen gauzak kontatzea irratian; baina lortu genuen. SER irratian beste 15 urte eman nituen. Bertan, asko trebatu nintzen kirol kazetaritzan, baina gero oso kaleratze krudela pairatu nuen, irrati horretan izan diren kaleratze guztiak bezala. Orain freelance gisa ari naiz, tartean El Correo egunkarian idazten, eta, egia esanda, bertan aukera gehiago ditut berariaz emakumeen kirola lantzeko.

Gaiari buruzko atari bat ere sortu duzu, Dxtfem.com izenekoa…

Bai, gehienbat Mikel Uriarterekin batera egin dut. Ikusi genuen emakume kirolarientzako bozgorailu edo erakusleihorik ez zegoela. Euskadin aitzindaria izan da, eta gero beste hainbat batu dira. Emakume kirolari askoren laguntza izan dugu. Atariaren sorreraren haritik, Legebiltzarrera deitu ziguten, arloan ikusten genituen beharren inguruan mintzatzeko: entrenatzeko azpiegiturei buruz edota puntako kirola eta arlo pertsonala bateratzeko zailtasunei buruz aritu ginen.

2015ean ONCEk emandako Tiflos saria eskuratu zenuen Te doy mis ojos izeneko erreportajeagatik. Zeri buruzkoa izan zen?

Rafa Ledesmarekin egindako lasterketa bat jorratu nuen bertan. Denbora librean biok korrika egiten genuenenez, proposatu nion indarrak batzea eta 12 kilometroko lasterketa batean batera parte hartzea: berak hankak “jarri” zituen, eta nik, gidari gisa, begiak jarri nituen. Desgaitasunaren gaiarekin beti gertutasun handia izan dut, eta arrazoi pertsonala dago atzean. Hamar urte baino ez nituela, bizkarrezurrean ebakuntza larria egin zidaten, eta hor hartu nuen gaiarekiko sentsibilitate handia. Zuzenak klubarekin eta, batez ere, bertako presidente Julio Rocarekin asko landu dut gaia.

Kirola tresna izan daiteke emakumeak ahalduntzeko?

Bai; ez da bakarra, baina beste tresna bat ere bada. Emakume asko traba pertsonal asko gainditzeko gai izan dira kirolari esker, eta beste hainbat arlotan ere mugarik ez dutela konturatzeko balio du horrek. Segurtasun hori eskuratzeko eta beste nonbaiten aplikatzeko, hain zuzen.

Pregoian balioak aldarrikatu dituzue. Zeren arabera aukeratu dituzue balio horiek?

Kirola bizitzaren adierazle bikaina den heinean, gutako bakoitzak kirolaren balore bat jorratu du: zailtasuna, konpromisoa, etengabeko hobekuntza, etorkizuna… saiatu gara edozein emakume diskurtso horretan ordezkatua sentiarazten. Nik bereziki balioetan heztearen beharra aldarrikatu dut. Batez ere, lehen urteetatik jasotzen den kultura funtsezkoa da. Esfortzuaren kultura ere aldarrikatu dut: emakumeok oso barneratuta dugu hori. Hau gainera ez da soilik emakumeon borroka. Hainbat belaunalditako gizonezkoak ere konturatu dira horretaz, eta eskutik joanda gauza asko gehiago lortu ahal izango ditugula uste dut. Nik horrela bizi izan dut nire inguruan: niretzat guztiz naturala da nire mutilaren laguntza izatea. Zoritxarrez, badira laguntza hori ez duten emakumeak ere.

Hezkuntza ez da, ordea, gaur egungo kontua. Gauzak hobetu al dira azken urteotan?

Baietz esango nuke. Orain, bederen, erasoen aurkako protokoloak daude, eta neskek badakite erasoa salatzeko aukera badutela. Ni gazteago nintzenean ia dena onartzen zen. Blusek bularretan pegatinak jartzen zizkizuten, eta hori ia normaltzat hartzen zen. Haserretzen bazinen, gainera, zu zinen gaizki ikusita zegoena. Ez zait batere gustatzen orokortzea, baina ni beti oso kritiko azaldu naiz hainbat blusek mantentzen duten jarrerekin. Festak ez du generorik, eta alkohola ez da aitzakia izan behar edozein gauza onartzeko. Jaia guztientzako da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide