Dagoeneko hasita dago atzerako kontaketa eta toki gehienetan azken orduko xehetasunak baino ez dira geratzen dena prest izateko. Aurten, gainera, asteburuarekin batera datoz Andre Maria Zuriaren omenezko jaiak eta jendetza espero da; ohikoa den moduan, larunbatean, 18:00etan, botako dute suziria Andrea Corresek, Aurelia Encarnacion Izquierdok, Daniel Uriondok eta Juantxu Sorigurenek; hiriko adinekoentzako zentro soziokulturaletako erabiltzaileak ordezkatuko ditu laukoteak.
Milaka lagun izango dituzte ordurako zain; enparantzara sartu aurretik, baina, hainbat segurtasun neurri gainditu beharko dituzte horiek guztiek. Izan ere, iaz zabaldutako segurtasun antolaketa ezarriko baita berriro; tartean, beira edo latarik sartzen ez uzteko.
Bigantxak, goizez eta arratsaldez
Egitarauari dagokionez, denetarik dago; denera, 300 ekitalditik gora izango dira abuztuaren 9ra. Berrikuntzen artean, aipatzekoa da Zeledon Txiki eta Edurneren jaitsiera Andre Maria Zuriaren plazan egingo dela lehenengoz; abuztuaren 7an, asteartea, izango da, eguerdian. Bestalde, goizean bigantxak ikusteko aukera ez duenak jakin dezala 5ean, 6an eta 7an arratsaldez ere egongo direla.
Blusa eta Nesken kuadrilla kopurua iazkoaren berdina da. Eta antzekoa da, baita ere, horien artean dagoen giro nahasia; horrek eragina du festetan, esaterako, zezen-plazarako joan-etorrian. Batzordean sartuta daudenak baino ordu erdi lehenago irtengo dira ostera federazioa osatzen duten zazpi kuadrillak. Horrekin lotuta, diru-laguntzak banatzeko oinarriak ere aldatu dira aurten; bi multzotan banatu ditu Udalak: 60.000 euroko laguntza finkoa jaso dute musika animazioa eramaten dutenen artean, eta beste 15.000 euro kuadrillek antolatutako ekintzen arabera banatu ditu