Unibertsitateko txosna gunean astelehenetik dabiltza prestatze lanekin. Zeledonen jaitsiera iragartzen duen suziari itxaron gabe, ostiralean, abuztuak 3, emango diete hasiera jaiei eta, hortaz, dena prest izan behar dute. Betiko izaerari jarraituz, egitarau zabala prestatu dute aurten ere, jai-eredu "euskaldun, feminista, herrikoi, parte-hartzaile eta anitzaren" aldeko apustua egiten duena.
Ostiralean hasiko dira ekimenak, ohiko irekiera ekitaldiarekin. Andre Maria Zuriaren plazan dago eginda hitzordua, 20:30ean; handik kalejiran unibertsitate eremurantz abiatzeko. Txosnetara iristean, Txosnisaria banatuko dute. Aurten, OkupaTUgasteiz herri dinamikak jasoko du, urtean zehar egindako lanagatik.
Astelehenean deitutako agerraldian, honakoa nabarmendu zuten txosna batzordekoek: "Jai herrikoien antolakuntzan buru belarri dabiltzan lau kolektiboei gure omenaldia eta eskerrak adierazi nahi diegu eta luzaroan horrela jarraitzera animatu. Egunero ez delako horrelako urtebetetze borobila ospatzeko aukerarik izaten. Zorionak Hala Bedi, Gaztetxea, Auzolana eta Errekaleor".
Zazpi txosna
Aurten, Askapena, Gazte Karpa, Berrituz-AHTrik Ez, Gasteizko Mugimendu Feminista, Errekaleor Bizirik, Kalera, Iraultza 1921, Hala Bedi eta Sukalde-gerrilla kolektiboak parte hartu dute antolaketan. Denera, zazpi txosna, bi karpa eta karpa komun bat izango dira. Batzordeak azaldu du elkarlanean egindako egitarauaz gain, eragileek bestelako ekintza propioak ere egingo dituztela txosna gunean; tartean, Euskaraldia. "Honekin, batzordeak euskararekiko duen konpromisoa berretsi nahi dugu, jaiak euskaraz bizi nahi ditugulako. Beraz, euskaldun guztioi euskaraz egiteko deia egiten dizuegu", aipatu zuten.
Zabor organikoa
Bestalde, jakinarazi zuten zabor organikoaren kudeaketa berezia egingo dutela aurten, jasotako hondakin organikoarekin konposta eginez. Plastikoaren erabilera murrizteari begira, edalontzi berrabilgarriekiko apustua egiten jarraitzearekin batera, txorrotako ura lehen aukera bezala erabiliko dutela azaldu zuten. Produktu ekologiko eta elikadura-subiranotasunari dagokionez, aipatu zuten txosna guztietan izango dela produktu ekologikoaren bat probatzeko aukera, eta Entxosnazio Eguneko bazkaria ere produktu horiekin egingo dela.
Amaitu aurretik, mugimendu feministaren eraso sexisten aurkako protokoloa berea egin, eta ohartarazi zuten txosna gunean ez dela inongo erasorik onartuko. Gerta litekeen erasoen aurrean batera erantzuteko deia egin dio batzordeak jendarteari.