Zeledonen jaitsieran segurtasuna zaintzeko Udaltzaingoak eta Ertzaintzak prestatutako antolaketa berezia iazkoaren antzekoa izango da. Bigarren urtez, beirazko botilak eta ontziak sartzea debekatuta egongo da, baita arriskutsu izan daitezkeen objektuak ere. Aurten, gainera, bertaratzen direnek ezingo dituzte perimetroan latak sartu.
Debekua betearazteko, Andre Maria Zuriaren eta Espainia plazetako sarbideak kontrolatzeko hamar gune jarriko dira, Udaltzaingoko eta Ertzaintzako agenteek eta garbiketa monitoreek zainduta. Zehazki, leku hauetan jarriko dira kontrolak: Hedegile, Zapatari, Errementari eta Diputazio kaleen eta San Roke kantoiaren arteko bidegurutzeetan (Prado kalearen eta Becerro de Bengoa kalearen arteko bidegurutzea, Loma Jeneralaren plazarako sarbideak Legebiltzarretik, Dato kalerako sarbidea Alaba Jeneralaren kaletik, Olagibel kalearen eta Gernikako Estatutuaren kalearen arteko bidegurutzea, Posta kalerako sarbidea Urrezko Zeledonen plazatik eta San Frantzisko aldapako sarbidea.
Herritarrak ez ezik, eremu mugatuan dauden tabernei ere debekatu zaie kanpora atera daitezkeen beirazko botila, edalontzi edo ontzietan edariak zerbitzatzea, eta plastikozko ontziak (erabilera bakarrekoak edo birziklagarriak) baliatu beharko dituzte. Horrez gain, Zeledonen jaitsieran honako elementu hauek ere debekatu dituzte; erosketa orgak; objektu gogor, zorrotz, puntazorrotz edo arriskutsuak; makilak; makuluak, eta abar, hau da, zuzenean edo zeharka pertsonentzat lesio-arriskua dutenak edo jende-oldeak zein ondasunetan kalteak sor ditzaketen mugimendu jendetsuak eragin ditzaketenak.
Bestetik, osasun arreta emateko zazpi gune jarriko dira, besteak beste, Plaza Berrian, Postetxearen atzealdean, Katedral Berrian eta San Migeleko eskaileretan.
Indarkeria matxista
Udaletik ohartarazi dutenez, jaietako egun horietan lapur txikiak dira ohikoenak, besteak beste, diru-zorro eta mugikorren lapurretak. Hori dela eta, udaltzainen eta ertzainen presentzia areagotuko da erdiguneko kaleetan. Horrez gain, indarkeria matxistaren kasuetan poliziaren erantzuna azkarragoa, eraginkorragoa eta sendoagoa izan dadin, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak bide publikoan eta arrisku maila handiagoa duten lekuetan —benetakoa edo itxurazkoa izan— zaintzeko ekintzak eta patruilen presentzia koordinatu dituzte.