Errefuxiatuak, emakumeek gatazketan jokatzen duten papera, eta 'brexit'-aren Europa izango dituzte hizpide nagusi, gaurtik eta irailaren 1era bitartean, Gasteizen ospatuko diren kazetaritza jardunaldietan. Kazetaritza, bertatik bertara topaketen laugarren edizioan, mundu mailako gatazken berri ematen duten kazetariek, prentsa-argazkilariek eta bestelako profesionalek parte hartuko dute. Hala, informazio mota hori lantzen esperientzia luzea duten Anna Suriyach, Ane Irazabal, Alvaro Ybarra, James Badcock, Javier Espinosa eta Ramon Gonzalez Frerriz izango dira Arabako hiriburuan.
Jarduera gehienak Europa jauregian dira. Hitzaldiak eta mahai-inguruak 12:00etan eta 19:00etan hasiko dira, eta sarrera librea da, lekuak bete arte. Gauez, programan landutako edukiekin lotura duten filmen ziklo bat antolatu da, Florida zineman.
Halaber, kaleko argazki erakusketa bat aurreikusita dago, Anna Suriyach prentsa-argazkilari kataluniarraren argazki-erakusketa hain zuzen, Baita emakumeak ere (#theytoo) izenburua duena. Jardunaldietarako berariaz sortutako erakusketa da hau, Mediterraneoko krisian ezkutuan izan diren "emakume izengabeak" ikusarazteko asmoarekin eginda. Gasteiz Etorbidea kalean ikusi ahalko da, Europa jauregiaren alboan, abuztuaren 11tik irailaren 2ra arte.
Aurten, programaren berritasuna Munduari munduak gehituz diziplina anitzeko errezitaldia da: Alvaro Ybarra argazkilari ospetsuaren argazkiak proiektatzen diren bitartean, Lucia Mbomio kazetariak eta Sonia Fernandez Quincoces Afrikako literaturetan adituak lan afrikarren zatiak irakurriko dituzte, eta Hermanos Thioune talde senegaldarrak zuzenean joko du.
Ikusi programa osoa: Kazetaritza, bertatik bertara.