Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Jesus Lozak pista gehiago eman ditu: urtea amaitu aurretik Gasteizko aireportua 24 orduz zabalik egongo da. Aireportua egun osoz jarduteko baimena Espainiako aurrekontuetan zehaztuta zegoen, eta EAJk PPren kontuei babesa emateko jarritako baldintzetako bat zen.
Pedro Sanchezen kabineteak izendatutako ordezkariak berretsi du akordio horretan zehaztutakoa; ordutegi berriak “aukera bikainak” eskaintzen dituela esan du Lozak. “Une honetan, zama garraioa desblokeatuta dago, eta zamak iristen direnerako ikuskaritzari lotutako kontu guztiak indartu eta prest izan behar ditugu”.
Arabako diputatu nagusi Ramiro Gonzalezek aitortu du hedabideen bitartez izan duela Lozak egindako iragarpenaren berri. “Gobernuaren ordezkariak ez digu horren berri eman. Dena dela, erabakiak hartzen dituztenak Sustapen ministerioa eta AENA” direla argitu du.
Kafetegia, abiatzear
Ministerioarekin bilera bat egin behar dutela esan du, baina oraindik data zehatzik ez daukatela aitortu du. AENArekin hitz egiteko, berriz, zuzendari berriaren izendapenaren zain daudela adierazi du Gonzalezek. Gogoratu du aurrekontuetarako akordioan beste inbertsio batzuk aurreikusita zeudela, aireportua “duela 40 urte” zegoen moduan dagoelako, diputatuaren iritziz.
Zentzu honetan, Diputazioak kafetegia martxan jartzeko ardura hartu duela erantsi du, eta abuztuaren lehen hamabostaldian irekita egongo dela iradoki du. Aireportuak lehen seihilekoan 70.000 bidaiari izan dituela gogora ekarri du, eta urtearen amaieran 150.000 bidaiari izateko mugatik “gertu” egongo delakoan dago.