"Antzokiaren etorkizunerako bermeak behar dira orain"

Anakoz Amenabar 2018ko uzt. 24a, 16:17

Lukas Etxeberria, Lazarraga elkarteko kidea. /Alea

Kafe Antzokia eta Euskararen Etxearen kokapena erabakita, egitasmoa garatzeko "oinarriak" zehaztu behar direla gogoratu du Lukas Etxeberriak.

Hainbat hilabeteko negoziazioen ostean, akordioa lortu dute Gasteizko Udalak eta euskalgintzako eragileek. Euskararen Etxea eta Kafe Antzokia Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian kokatzea erabaki dute, hori aurrera eramateko "hainbat baldintza" bete behar badira ere. Euskalgintzaren ordezkari gisa, Lazarraga kultur elkartea arduratu da proiektua garatu eta ezagutzera emateaz.

Gertuago dago Antzokia?

Baietz espero dugu. Gure zalantzak izan ditugu, baina pozik gaude hartutako erabakiarekin. Dudak izan ditugu lehenengo aukerarekin alderatuta –Eskoriatza Eskibel jauregia– metro dexente gutxiago dituelako Ruiz de Bergarak, eta Kafe Antzokia bera espazio aldetik txikia izango zelakoan. Baina uste dugu leku aproposa izango dela, eta alde onak ere badituela; gertuago dago hiri erdialdetik, Andra Mari Zuriaren plazatik eskura, eta bildua ere bada, bi proiektuak toki berean sartzen dira. Aurreikusten genuen programazioa duintasunez egiteko lekua izango dela uste dugu. Itxitura bat jarriko dute lehenengo eta bigarren solairuaren artean eta horrek espazio berri batentzako aukera emango du. Aukera desberdinak jorratzen ari gara. 

Zein izango da hurrengo pausoa?

Batetik, Udalarekin aztertu behar dugu Kafe Antzokiak eta Euskararen Etxeak zer behar dituen eta nola antolatu hori guztia. Eta, beste alde batetik, kudeaketa eredua erabaki behar dugu; oso garrantzitsua da hori. Kokapenari baiezkoa eman diogu borondate onez, eta espero dugu Udalak ere  horretan aurrera egitea, bideragarritasun ekonomikoa bermatzea. Etorkizuna bermatzea. 

Zer kudeaketa eredu izan behar du, zuen ustez?

Lazarragak hasieran eskaera egin zuen fundazio bat osatzeko, desberdinen arteko fundazio bat. Baina badirudi instituzioak ez daudela fundazioa osatzearen alde, eta Udaleko legelariek ere ez dute ikusten. Badirudi hitzarmenaren aldekoagoak direla. Ikusiko dugu, baina helburua da hitzarmen horretan bermeak lortzea etorkizuneko bideragarritasuna lortzeko. Kokapenak eta horrek guztiak mediatikoki oihartzun handia dauka, baina horretaz aparte gero etorkizuna ziurtatzen duten bermeak behar dira; Antzokiaren etorkizuneko bermeak behar dira orain.

Alderdien aldetik zer jarrera sumatu duzue?

Aurreikusten dugu ondo joango dela alde horretatik; orain arte ez dugu kontrako jarrerarik ikusi. Dena dela, adostasun horri heltzeko eskatu diegu, eta lehen sortutako lan mahaiak jorratuko du lan hori, gauzak argitu eta adostasuna bermatzeko. 

Eskoriatza Eskibel jauregia alde batera uzteko garaian, epeak izan dira arrazoi nagusia?  

Denetarik izan da pixka bat. Oztopoak agertzen hasi ziren, fuel-oila... Ikusten genuen atzeratzen ari zela, eta aurrerapauso bat eman behar zela, jendeari mezu positibo bat eman behar zitzaion.  Atzeratzen ari zen, eta gehiago atzeratuko zela ere seguru geunden. Nolabait, ziurtasuna bermatze aldera beste aukera horri heldu diogu; aurretik baldintza duinak izango dituen lekua izan dadin ziurtatu ondoren.

Halako proiektu  bat atzeratzeak zer esan nahi du? Borondate politikoa izan da azken urteetan?

Egia da beste proiektu batzuk azkarrago joaten direla, baina ez nuke esango borondate falta egon denik. Agian gehiago egin zezaketela, beharbada bai. Proiektu hau euskararentzako hauspo bat da, euskararen funtzio guztiak bermatuko dituen gune bat sortzea da asmoa, eta ongi dakigunez euskararen inguruan  ez da erraza egitasmoak gauzatzea. Esan behar da beste proiektua ere tamainaz handi samar itxura ere bazuela eta hau agian gauzagarriagoa da. Euskalgintzatik begi onez ikusi dute orain hartutako erabakia.

Udal hauteskundeak izango dira hurrengo urtean. Alderdien gainetik eutsiko zaio proiektuari?

Edozer gertatu daiteke, berme absoluturik ez dago. Baina borondate txarrik ez dugu ikusi eta konfidantza izaten jarraitzen dugu..

Bien bitartean, aurrera jarraitzen du Euskararen Etxeak.

Orain arteko ibilbidearekin oso pozik gaude. 300 emanaldi baino gehiago izan dira, 30.000 erabiltzaile baino gehiago... Aurrera begira, jende gehiagorengana iristeko lanean jarraitu behar dugu, gazteengana batez ere.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago