Gasteizko Nazioarteko Antzerki Jaialdiaren 43. edizioa urriaren 5ean hasiko da eta, guztira, 32 ikuskizun eskainiko ditu. Abonamenduak salgai izango dira irailaren 20tik 23ra, eta abonamendu irekiak irailaren 25ean salduko dira, bakarrik leihatilan eta telefonoz. Aldez aurretiko salmenta, berriz, irailaren 26an hasiko da.
Eusko Jaurlaritzako Kultura Sustatzeko zuzendari Aitziber Atorrasagasti, Euskadiko Antzoki Sareko arduradun Marta Monfort eta Gasteizko kultur zinegotzi Estibaliz Canto izan dira jaialdiaren aurkezpenean. Nabarmendu dutenez, aurtengo edizioan nazioarteko hiru estreinaldi egingo dira, eta ikuskizun gehienak lehenbizikoz aurkeztuko dira erkidegoan.
Aurtengo jaialdian, Espainiako estatutik kanpoko hamahiru lan aurkeztuko dira, aurreko edizioan baino hiru gehiago. Zehazki, Frantzia, Portugal, Erresuma Batua, Suitza, Italia, Norvegia, Kanada eta AEBetako taldeak izango dira. Besteak beste, Wajdi Mouawad, 1927 konpainia, Les 7 doigts de la main, L’Alakran, Isabella Rosellini eta Mummenschazt izango dira atal honetan. Halaber, Euskal Herriko konpainien hamar ikuskizun eskainiko dituzte jaialdian: Tanttaka, Vaiven, Dantzaz, Kukai, Ganso y Cia, Tranpola, Larrua, Monstrenka eta Teatro Paraiso.
Eszenatoki desberdinetan aurkeztuko dira obrak. Zazpi, Felix Petite, Jesus Ibañez de Matauko eta Federico Garcia Lorca antzokietan; bat, Ur Biltegian; eta beste guztiak Principal antzokian. Halaber, Principalen jarduera bereziak antolatuko dituzte, antzokiko mendeurrena ospatzeko.
Edizio honetan, hizkuntza eszeniko berrien aldeko apustua ere nabarmendu dute antolatzaileek. Batetik, Principal antzokian programatutako dantza eta nazioarteko proposamenetan. Bestetik, Intacto jaialdiarekin eta Best of Birmingham Festivalekin, diseinatu den JIM Aktual izeneko zikloan.
Familientzako proposamenak, Haurtxoak proiektua, Antzerkia Zabaltzen zikloa, solasaldiak, publikoarekin topaketak, lantegiak, hausnarketarako guneak eta Arte Eszenikoen IX. Jardunaldiak ere izango dira jaialdian, besteak beste.