Gasteizko jaiak hastear daudela, eraso homofoboak, lesbofoboak edo transfoboak salatzeko telefonoa eskuragarri jarri du Transbollomarika Sareak.
Hala, eraso bat jasan edo ikusi duten gasteiztar guztiek 633 309 653 telefonora deitzeko aukera lzango dute (Whatsapp edo Telegram bidez ere bai), edo transbollomarika.sarea@gmail.com helbide elektronikora idatzi.
Eraso baten aurrean salatzeko beharra ezinbestekoa dela aldarrikatu du sareak, eta, hori dela eta, hainbat gomendioz osatutako triptikoa zabaldu dute. Besteak beste, erasoa gertatzean lasaitasuna mantentzea, bakarrik egonez gero lagun bati deitzea eta kalte fisiko edo psikologikoak izan badira ospitalera edo Osasun Zentro batera joatea komeni dela azaltzen du triptikoak.
Datuak eta ondorioak
Ildo beretik, Gasteizen sexu eta genero dibertsitatearen aurka izandako erasoei buruzko txostena luzatu du Lumagorri Heterosexismoaren Aurkako taldeak. Datu horien arabera, Transbollomarika Sarea abian jarri zenetik, 2017ko apiriletik aurtengo apirilera bitartean, guztira 15 kasu erregistratu dituzte.
Horrez gain, sareak jasotako eta segurtasun indarrek jasotako datuen arteko aldea nabarmendu du taldeak. Izan ere, 2017an Transbollomarika sareak 10 kasu bildu zituen bitartean, ofizialki, bi kasu besterik ez zituzten zenbatu.
Orokorrean, bildutako kasu gehienak "homosexualak edo transexualak izateagatik jasandako zuzeneko diskriminazioak izan dira", eta sareak abian jarritako telefonoaren bidez jakinarazi dituzte. "Erasoak errotik kentzeko, bai eta behar bezala identifikatzeko ere, eta biktimei tratu egokia emateko, ezinbestekoa da disidentzia sexualeko kolektiboen laguntza". Horregatik, Gasteizen bertan sexu-orientazioa eta genero-identitatean oinarritutako gorroto delituen aurkako behatokia izatea ezinbestekoa dela adierazi dute.