Mugimendu feministak Gasteizko jaietako eraso sexisten kontrako protokoloa aurkeztu du, hainbat gunetan aurrera eramango dena: herri mugimenduarekin txosnagunean, GEU elkartearekin Aihotz plazan eta erdiguneko hainbat tabernatan. Besteak beste, telefono zenbaki bat jarri dute eskura eman daitezkeen erasoei erantzuna emateko eta erasotuak izan direnak laguntzeko (688 74 44 11). Aurreko urteetan bezala, erasoak publikoki salatzeko elkarreratze bat deituko dute erasoa gertatu eta hurrengo egunean.
Aurkeztu duten protokoloarekin hiru helburu nagusi lortu nahi dituzte: Gaiaren inguruko kontzientziazioa lantzea eta erasoen kontra egitea guztion ardura dela gogoraraztea, eraso baten aurrean ikuspegi feministatik erantzutea, eta azkenik, emakumeak jaietan subjektu aktibo bilakatzea eta autodefentsa feministaren aldarria zabaltzea.
Udalari deia
Udalak berdintasunaren alde diseinatutako kanpainaren harira -besteak beste, txupinazora morez jantzita joatera animatu zituen gasteiztarrak- kritika egin du mugimendu feministak. Protokoloaren lanketa egiteko urte osoan zehar ez direla haiekin harremanetan jarri salatu dute, eta Udalari "hitz gutxiago eta ekintza gehiago exijitu" dizkiote. "Gai hau errotik lantzeko beharrezkoak eta errealak diren baliabideak eskaintzeko deia luzatzen diogu. Eraso sexistak ez baitira kolore morez eta aurpegia zuritzearekin desagertzen", salatu dute prentsaurrekoan.
Gasteizko auzoetan protokoloa martxan jarri denean indar polizialek mugimendu feministarekin izandako jarrera ere salatu dute. Jai eredua aitzakitzat hartuz erasoak legitimatu dituztela uste dute, "ez da inolako sentsibilizazio feministarik egon beraien ekinbidean.