Igandean goizean inauguratu dute Ramon Bajo ikastetxe publikoko horma-irudia; Auzoan Hazi, Hezi eta Bizi izenburua du. Gasteizko muralen ibilbideko hamazazpigarrena da, eta Partaidetza eta Gizarte Etxeen sailak antolatutako lehiaketaren barruan, aurten egitekoak diren hiru muralen arteko lehena da.
Gasteizko udal zinegotziekin batera, Ramon Bajoko guraso elkarteko lehendakari Isa Santamaria eta proiektuaren zuzendarikide Alexandre Fernandez irudigilea eta Veronica Werckmeister muralista izan dira, baita esku-hartze artistiko horretan parte hartu duten pertsonak ere; 180 metro koadroko fatxada bat margotu dute.
Alexandre Fernandezek azaldu duenez, muralak "hainbat kontzeptu islatzen ditu: haztea, pertsona gisa ez ezik baita komunitate gisa ere; zaintza eta ikasketa; eskolaren garrantzia, eta nola hura osatzen duten pertsonek elkarrekin lan egin behar duten etorkizun hobea eraikitzeko".
Ramon Bajoko horma-irudia egin ondoren, laster beste bat margotzen hasiko dira Ariznabarrean, Matias Mata artistaren zuzendaritzapean.