Gasteizko gizarte etxeek 351 jarduera eskainiko dituzte

Erredakzioa 2018ko uzt. 20a, 12:30
Irailaren 4ra bitartean eman daiteke izena ikastaroetan. /ART Gasteiz

Lehen hiruhilekorako 35.644 leku eskainiko dituzte; jarduera berrien artean familiek elkarrekin kirola egiteko ikastaroa izango da.

Irailaren 4ra bitartean Gasteizko gizarte etxeek eskaintzen dituzten jardueretan izena emateko aukera izango da. Guztira, 351 jarduera eta 35.644 leku eskainiko dituzte lehen hiruhilekoan. 

Jarduera berrien artean, familiek elkarrekin kirola egin dezaten saio bat aurkeztu dute, "Familiarteko jarduera fisikoak nahasian" izenekoa. Salburuko eta Ibaiondoko gizarte etxeetan eta Arriagako kiroldegian egingo da. Eta iaz lehenengoz eskainitako hainbat jarduera sendotu dituzte, harrera ona izan zutelako: "Gazteentzako triatloia", "Esgrima historikoa" eta "Ur zirkuituak".

Jarduera artistikorako hastapen ikastaroen barruan ere ikastaro berriak izango dira: "Eskultura hastapenak", "Film labur soziala" edo "Arte eraldatua", besteak beste. Horietaz gain, sendotuta dauden askotariko jarduerak daude: antzerkia, magia, akuarela, Photoshop hastapenak, etab.

Errepikatuko diren jardueren artean, Irakurle Klubak izango dira. Liburu eta testuei buruzko ideiak partekatzeko taldeak dira, hainbat gairen inguruan antolatuak. Orotara bederatzi klub izango dira; berritasun gisa, "Literatura garaikideko kluba", Álvaro Arbina idazle gasteiztarrak dinamizatuko duena.

Haur eta familientzako jarduerei dagokienez, besteak beste, jardunbide egokien lantegiak eta emozioei buruzko lantegiak izango dira, gaitasun pertsonal eta sozialak hobetzeko eta gurasotasun positiboa lantzeko. Esate baterako, "Gatazkari aurre egin banantze edo dibortzio egoeretan", "Pazientziaren giharra entrenatzen" eta "Emozioak familia barruan".

Jarduera guztiak ezagutu eta izena emateko, bide hauek erabil daitezke: udalaren web-orrian; telefonoz, 010 telefono zenbakian; edo zuzenean, udalaren kirol instalazioetan, gizarte etxeetan eta herritarrei laguntzeko bulegoetan. Irailaren 5ean izango da zozketa, 11:00etan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide