Santo Domingo Bizirik plataformak jakinarazi duenez, joan den astelehenean gizon baten gorpua aurkitu zuten duela hamahiru hilabete hil zena. Auzokideek hainbat salaketa jarri dituzten arren, aste honetara arte ez dira etxebizitzan sartu.
Auzokideen arabera, duela 13 hilabete eman zuten lehenengo abisua. "Usain jasanezin bat ateratzen da, eta auzokideok uste dugu egoera desatsegina izateaz batera, osasun publikorako arazo bat dela; lehenbailehen neurriak hartzeko eskatzen dugu", ohartarazi zioten auzokideek orduan Udalari.
Santo Domingo kaleak eta auzoak bizi duen "utzikeria" salatu du plataformak, eta "hilerri bilakatzeraino" ahaztu duela Udalak. "Norbaitek imajinatzen du halako egoera bat Gasteizko beste edozein auzotan?", salatu dute ohar batean.