Hasi da Santiago Egunerako atzerako kontaketa. Dagoeneko prest dute aurtengo egitaraua, eta berezitasunen artean, Arabako emakume abeltzainen eta nekazarien lana agerian utziko dutela dago. Emakumeak geroa ereiten lelopean egingo da EHUko Arabako kanpuseko nekazaritza azoka, eta, hain justu ere, goiz osoan zehar eremu horretan izango diren ekimenetan emango zaie esker ona eta ikusgaitasuna: azokaren inaugurazioan esker oneko ekitaldia, emakumeen herri kirolen erakustaldia eta emakume nekazariekin osatutako argazki erakusketa eta bideo emanaldia izango dira, tartean.
Baina, horrez gain, urteroko ekintzak ere antolatu dituzte han: herrialdeko 50 ekoizle baino gehiago beraien produktuak saltzearekin batera, abere erakusketa izango da; Arabako ustiategietan hazitako sei espezie ezberdinetako 15 arraza jarriko dituzte ikusgai. Eta ardiei haurduntza diagnostikoa ekografoaren bidez zelan egiten den gertutik ikusteko aukera ere izango da toki berean. Ez dira faltako, aldi berean, Boilurrek prestatutako herri dastatzea, Idiazabal gaztaren elaborazio erakustaldia, sagardo txokoa edo Slow Food Arabak antolatutako tailerrak eta bestelako jarduerak.
Berakatz usaina
Baina, ohikoa den moduan, unibertsitate eremutik haratago zabalduko da jai giroa. Errege Atea, San Frantzisko kalea eta San Frantzisko aldapa baratxuri saltokiz beteko dira beste behin ere. Euskal Herri nahiz kanpotik iritsitako ekoizleek egun osoa emango dute berakatzak saltzen.
Neska eta Blusen eguna ere bada uztailak 25, eta kuadrillak kalera aterako dira. Goizean, kalejiran irtengo dira Plaza Berritik, Udal Musika Bandaz eta Gesaltza fanfarreaz lagunduta; eta urtero bezala, lore eskaintza eta ohorezko aurreskua egingo dute Santa Isabel hilerrian, hildako neska eta blusak gogorarazteko.
Jarraian, elkartasunezko txori-pintxoa izango da Andre Mari Zuriaren plazan, Ascudean elkartearen alde. Ordu berean, 11:30ean, hasiko da ardo upelen lasterketa; 26 talde lehiatuko dira. Gainera, txikientzako upelen lehiaketa ere antolatu dute aurten.
Nabarmentzekoak dira, gainera, Foru plazan egingo dituzten blusa eta neska taldeen arteko sokatira edo lokotx-bilketa txapelketak, eta baita herri kirolen erakustaldia ere.
Mahai inguruan indarrak berreskuratu ostean, joateko kalejira egingo dute kuadrillek; Betiko ibilbidea beteko dute: Plaza Berritik Eduardo Dato zeharkatuko dute, eta jarraian, Florida kalean barrena, Berpizkundearen plazaraino iritsiko da. Ogeta pilotalekuan, bitartean, eskuz binakako partidua eta emakumeen eskuzko eta gomazko paletako finala izango dira.
Egitaraua, osorik:
• 00:00: Jaietako azoka, Carmelo Bernaolan.
• 07:00: Baratxuri salmenta.
• 08:00: Meza San Migelen.
• 09:00: Kalejira Plaza Berritik.
• 09:30: Lore eskaintza eta ohorezko aurreskua, Santa Isabel elizan.
• 10:00: Nekazaritza azoka.
• 10:30: Bigantxak.
• 11:00: Jaietako azoka.
• 11:00: Zesta puntako partidua umeentzat, Foru plazan.
• 11:30: Elkartasunezko txori-pintxoa, Andre Maria Zuriaren plazan.
• 11:30: Ardo upelen III. lasterketa, Plaza Berrian.
• 12:30: Herri kirolak, Foru plazan.
• 13:00: Udal musika bandaren kontzertua, Florida parkean.
• 13:00: XVIII. Zintzarritar sarien banaketa, Plaza Berrian.
• 16:30: Joateko kalejira. Nesken eta Blusen Elkarteen Federazioa.
• 17:00: Joateko kalejira. Blusa eta Nesken Batzordea.
• 17:00: Emakumeen eskuzko eta gomazko paletako finala.
• 18:00: Super Grand Prix.
• 18:30: Urrezko Abarka omenaldia, Plaza Berrian.
• 20:00: Itzultzeko kalejira. Federazioa.
• 20:30: Itzultzeko kalejira. Batzordea.