Gasteizko Udaleko Hirigintzako zuzendariaren dimisioa galdegin du EH Bilduk, eta Gorka Urtaran alkatearen agerraldia eskatu du, besteak beste, Elvira Zulueta kalean eraiki diren luxuzko atikoen harira. Miren Larrionen hitzetan, "legealdi osoa daramagu salatzen Hirigintzako zuzendariaren jokabidea, konstruktore zehatz batzuei laguntzeko B leihatila bat ba omen dagoelako, horiei aukera ematen zaielako hirigintza-arautegia ekiditeko".
Aste honetan bertan salatu ditu Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofizilak, txosten batean, Gasteizko Udalaren hirigintza kudeaketan "bidegabekeriak" izan direla, lizentziak emateko orduan. Antton Belakortu EH Bilduko zinegotziaren esanetan, "oso larria da gertatzen ari dena; aukera berdintasunaren defentsan eta herritarren segurtasun juridikoaren mesedetan, Hirigintzako zuzendariaren dimisioa, eta alkatearen agerraldia eskatu dugu".
Elvira Zulueta kalean eraiki diren luxuzko hamalau atikoez gainera, Montessori eskolaren kasua ere aipatu du EH Bilduk eginiko salaketan.