Etxera lasai bueltatzeko aukera bila

Leire Sanchez 2018ko uzt. 18a, 16:51

Autobusek jaietan egingo duten erdibideko geldialdien harira, ALEAri gutuna bidali dio Leire Sanchezek:

"Andre Maria Zuriaren jaietatik aurrera, Udalaren garraio-agentziak nahi duten lekuan jaisteko aukera emango die emakumeei eta 18 urtetik beherakoei, seguruago ibil daitezen. Hasteko G-3 linean (erdigunetik Zabalganera doana) probatuko da zerbitzua". Berria irakurtzerakoan, burura lehendabizi etorri zaidan pentsamendua hau izan da: bururatuko zitzaion norbaiti emakumeok igandetik ostegunera etxera gauez bueltatzeko daukagun segurtasun falta horri ere erantzuna eman behar zaiola? Badirudi inori ez zaiola bururatu… edo ez zaiola garrantzirik eman… edo izan daiteke 250.000 biztanle baino gehiago duen hirian eguneroko autobusen ordutegia luzatzeko beharra ez ikustea.  

Herritarren postontzian sartu naiz nire eskaera egin eta jendearen kontrako iritziak ezagutzeko. Idatzi bat topatu dut, astean zehar autobusen ordutegiak udan luzatzea eskatzen duen (aisialdian beranduago egiten baitzaigu eguraldi ona dela eta…) lagun batena. Eta honen kontra bi komentario nagusitu dira; ordutegiak luzatuta Tuvisako langileen baldintzak okertu eta ohiko diru falta argudiatu du batek, eta aisialdia etxera beranduago bueltatzeko arrazoi nahikoa ez dela dio beste batek.

Tira, nik bestelako iritzia dut: Gasteizen autobusen ordutegia luzatzeko beharra erreala da. Ez udan bakarrik, urte osoan. Badago jende asko 22:00etan bukatzen duena lan egiten. Berdin da pintxo-potera joan garen, zinematik atera garen, gaixo dagoen ama bisitatzera joan garen, edo lanetik berandu atera garen. Arrazoi asko daude etxera 22:00ak baino zerbait beranduago bueltatzeko, eta garraio publikoan egiteko aukera izan beharko genuke, gutxienez 23:00ak arte.

Tuvisako langileen baldintzei buruz, hauek ez dira zertan okertu behar, ostera, lanpostu gehiago sortzeko eta ordutegia hobetzeko aukera ere izan daiteke. Hau horrela izan dadin gauzak ondo kudeatzea ez da gure lana, ordea, Gasteizko Udalarena baizik. Diru faltarena… ez dut uste azalpen handirik behar duenik, denok baitakigu dirua badagoela; gakoa da zertan gastatu nahi dugun.

Azkenik, honako hau izan da Tuvisaren erantzuna postontziko antzeko eskaerei: "Tuvisak zerbitzuak iraunkortasun eta erabiltzaileen eskakizunetara egokitzen ditu”. Bueno, ba udal erroldaren arabera, Gasteizen biztanle gehien daukaten auzoak honako lau hauek dira: Lakua-Arriaga (27.791), Zabalgana (26.144), Sansomendi (20.720) eta Salburua (18.474). Igandetik ostegunera azken autobusa 22:00etan ateratzen da hasierako geltokitik. Beranduago, zeintzuk dira erabiltzaile guztien aukerak etxera lasai bueltatzeko? 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago