Duela 42 urte Zaramagan izandako gertakariak Bruselara iritsi dira, bertako Parlamentuak duen Eskarien Batzordera, hain zuzen. Joan den astean, batzorde horretan izan dira Martxoak 3 elkarteko bi kide: gertakarietan zauritutako Andoni Txasko eta Pedro Maria Martinez Ocio biktimarensenide Nerea Martinez.
Gainerako biktimen izenan, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen gertatutakoa argitzeko eskaria Europara eramateko ardura izan dute biek. Egun horretan, Zaramagako eliza batean bilduta zegoen langile batzar bati tiroz eraso egin zion Espainiako Poliziak; bost lagun hil zituzten, eta 150 lagun baino gehiago zaurituak izan ziren.
Txaskok hartu du lehen hitza, eta bertan bildutako ordezkariei azaldu die nola, poliziak emandako jipoi baten ondorioz, ikusmena galtzekotan izan zen; abagunea erabili du eraso beraren ondorioz bizitza galdu zutenen izenak Europako instituzioetan entzunarazteko.
Ondoren, Nerea Martinezek jarraipena eman dio kontakizunari. Gertatutakoa gizateriaren aurkako krimena izan zela aldarrikatu du; hortaz, "ez du preskribatu behar". Halere, sarraskiaren errudunak "zigortu gabe" daudela salatu du, "2015ean Espainiako gobernuak erabaki zuelako erantzuleen auzipetzea saihestea".
Justizia unibertsalaren printzipioa oinarri Maria Servini epaile argentinarrak egindako eskariari Espainiako justiziak emandako errefusari buruz ari zen Martinez. Orain arte, Espainiako epaileek 1977ko Espainiako Amnistia Legearen arabera justifikatu dute errudunak ez auzipetzea.
Europan giza eskubideen egoera aztertzen duen Nagy txostenean esandakoa gogorarazi du Martinezek. Europako Parlamenturako egindako txosten horretako 63. artikuluak beren-beregi kolaborazioa eskatzen die Europako estatu kide guztiei "erregimen totalitarioek Batasunean egindako gizateriaren aurkako krimenak" argitzeko, eta nazio barruko edo nazioarteko ikerketa judizialei laguntza eman diezaietela galdegiten die. Modu berean, biktimentzako "egia, justizia eta ordaina" aitortzea eskatzen du txostenak.
Martxoak 3ko biktimek egindako eskaria irekita mantentzea eskatu du Martinezek."Gure eskaria ixten baduzue, eskubideak dituzten eta eskubideak ez dituzten biktimak egotea babestuko zenukete, Espainian gertatzen den modu berean".
Horregatik, Europari eskatu dio galdetu diezaiola Espainiari ea zergatik ez duen baimendu Servini epaileak egindako estradizio eskaria. Arazoa testuinguru zabalagoan kokatu du Martinezek. "Espainian, erabakien eta adierazpenen bitartez, hainbat politikarik frankismoaren biktimei iraintzen diete. Biktimek nozitzen duten bazterketan, gurea mendi izotzaren punta" besterik ez dela erantsi du.
Aitortzaren beharra
Erantzunen txandan, Europako Batzordeko ordezkariak azaldu du justiziari lotutako hainbat gaietan Europak eskumenik ez duela, baina, halere, "esku hartzeko bestelako bideak" badirela. Europak eskaintzen dituen hainbat baliabide tekniko aipatu ditu, hala nola epaileentzako prestakuntza edota biktimen memoria berreskuratzeko programak. Batzordearen jarrera "ofizialaren" berri ematen zuen bitartean, ordea, ordezkariak ezin izan die emozioei eutsi, bere senide zen Galiziako anarkista baten heriotza oroitzean.
Izquierda Xunida taldeko Angela Vallina de la Novalek gogor salatu du Espainian bizi den egoera. "Kanbodiaren atzetik, munduan hobi gehien dituen herrialdea da; baina, aldi berean, erregimen frankistako torturatzaileei dominak ematen dizkiote, eta domina hauek, gainera, haien pentsioen igoera dakarte". Erorien Haranaren ingurukoak azaleratu ditu. "Diktadorea leku publiko batetik atera behar denentz eztabaidatzen ari da oraindik".
PPko ordezkari Rosa Estarasek Europak horretarako eskumenik ez duela iritzi dio, baina esan du berak ez duela eskariaren itxiera eskatuko "biktimak daudelako", axola gabe biktima horiek "errepublikanoak ala alde frankistakoak" ziren.
Eskarien Batzordeak Espainiako Justizia Ministerioari gutun bat helaraztea erabaki du, azalpen eske, eta Europako bi komisariori ere helaraziko diote idazki bat. EAJko europarlamentari Izaskun Bilbaok "historikotzat" jo du lortutakoa, eta Europako instituzioek memoria historikoaz duten ikuspegia aldatu dela uste du.