Ruiz de Bergara jauregiak hartuko du Gasteiz Antzokia eta Euskararen Etxea

Erredakzioa 2018ko uzt. 17a, 20:13

Ruiz de Bergara jauregia, Errementari kalean. /Alea

Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian kokatzea adostu dute Euskararen Elkargunean.

Hainbat hilabetetako negoziazioen ondoren, erabaki bat adostu dute Gasteizko Udalak eta euskalgintzako eragileek. Errementari kaleko Ruiz de Bergara jauregian kokatzea begi onez ikusi dute gaur arratsaldean egindako Euskararen Elkargunean.

2016ko uztailean egungo Udal Gobernuak Gasteizko Kafe Antzokia eta Euskararen Etxea proiektua Eskoriatza-Eskibel jauregiaren etxadian egitea proposatu zuen. Hasiera batetik, kokapen horrek zenbait zalantza sortu zituen hiriko eragile ezberdinen artean, besteak beste, Auzolana pilotalekua eraistea eragin zezakeelako. Azkenik, jauregi horretan egiteak ekarriko lituzkeen "atzerapen eta arazoak" saihesteko beste aukera bat bilatzea erabaki dute.

Ruiz de Bergara

Ruiz de Bergara jauregia Errementari kaleko 32. zenbakian kokatuta dago eta Udalaren jabetzakoa da; 1.300 metro koadro ditu lau solairutan banatuta, eta hainbat urtez erabilerarik gabe izan bada ere, barne egituran eta teilatuan konpoketa lanak egin dituzte azken urteetan.

Udaletik jakinarazi dutenez, urtea amaitu aurretik atera nahi dute proiektua lehiaketara, eta legealdia amaitu aurretik esleitu nahi dituzte lanak. 23 hilabeteko lanen ostean, 2021. urterako izan daiteke prest Euskararen Etxe berria. Gorka Urtaranen gobernuak adierazi du akordio politiko zabal bat bilatuko duela "proiektuaren jarraipena denboran zehar bermatzeko".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago