NOFX talde handiarekin itxi dute Gasteiz Calling jaialdiaren programa

Erredakzioa 2018ko uzt. 16a, 10:57
Gasteiz Calling jaialdiaren laugarren edizioa ospatuko da azaroan. ALEA

Gasteiz Calling hardcore eta punk jaialdia azaroaren 9an eta 10ean ospatuko da, Iradier Arenan.

Gasteiz Calling hardcore eta punk jaialdiak laugarren edizioko egitaraua itxi du. NOFX, Dead To Me, The Boys, S.A., Nations On Fire, Bad Co. Project, Rat-Zinger eta XXL taldeak dira sartu diren azkenak. Aurretik iragarrita zeuden beste hamaika talderekin batera joko dute, azaroan, Iradier Arenan: Propagandhi, Suicidal Tendencies, Cockney Rejects, Dag Nasty, Street Dogs, Agnostic Front, Los Segis, Not On Tour, Lions Law, eta The Exploi.

Izar nagusia NOFX taldea da. Kaliforniako laukoteak 35 urteko ibilbidea egin du, eta erreferentea da punk-rock eta hardcoreko talde ugarirentzat. "Gogoko izan ditzakezu ala ez, baino ziur ez dutela inor axolagabe utziko", adierazi dute antolatzaileek.  Dead To Me ere AEBetako mendebaldeko kostatik dator. Punk-rockaren munduan tradizio handiko taldea da eta disko berria aurkezten izango da Gasteizen, zazpi urteren ondoren argitaratu duen lehenengo diskoa, hain zuzen. Halaber, The Boys 1970eko hamarkadako britainiar punk-rockeko talde mitikoa da. Urteak jo gabe egon ostean, agertokietara itzuli dira, eta 2014an kaleraturiko iraupen luzeko azken diskoa zuzenean aurkeztuko dute.

Nations on Fire 1990eko hamarkadako Europako hardcorearen talde handietako bat izan zen, eta hogei urteko geldialdiaren ondoren, Gasteizen emango dute itzulerako lehen kontzertua. Zuzeneko indartsua egiten dute, "amorruz eta energiaz" beteta. Bestalde, Oxymoron talde handiaren errautsetatik sortutako Bad Co. Project ere Gasteizen izango da. "Punka hilik ez dagoela erakustera datoz Gasteizera", adierazi dute.

Soziedad Alkoholika talde gasteiztarrak ere etxeko jaialdian joko du. 30 urte daramatza musikaren munduan eta "ez dio musika oldarkor eta basatia egiteari utzi". S.A. bere indarra eta abiaduragatik da ezaguna, eta thrash, hardcore, punk edo metal doinuak bikain nahasteagatik. Gasteiz Callingen izango diren euskal taldeen artean daude ere Rat-Zinger, azken urteetan Euskal Herriak eman duen punk talde indartsuenetako bat, eta XXL Mungiako skate punk taldea.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide