Martxan da Udaband musika-campusa

Erredakzioa 2018ko uzt. 16a, 09:48
Udaband musika-campusaren bigarren edizioa gaur hasi da. GASTEIZKO UDAL BANDA

Musika-campusaren aurrekontua 15.000 euro handitu da.

Lehen edizioaren arrakasta ikusita, Luis Aranburu Udal Musika Eskolak Udaband musika-campusa berriro antolatzea erabaki du. Gaur hasi eta larunbatean amaituko dira klaseak; parte-hartzaileek kontzertua emango dute azken egunean, Falerina lorategian, aste osoan egindako lana erakusteko.

Iaz, 19 lagunek eman zuten izena; aurten, berriz, 31k, eta horietako 14k iaz ere hartu zuten parte. Ikasleei ekainean bidali zaizkie partiturak, aldez aurretik lantzerik izan dezaten eta lana partekatzean asteari etekin handiagoa atera diezaioten. Musika-campusaren aurrekontua 15.000 euro handitu da, eta horri esker zenbait berrikuntza egin ahal izan dira, eta parte-hartzaileek gutxiago ordaindu beharko dute.

Eginiko berrikuntzen artean, besteak beste, Santa Maria Katedrala Fundazioaren aterpean lo egiteko aukera dago, Udal Musika Eskolaren eta fundazioaren arteko lankidetza-hitzarmenari esker. Gainera, irakasle gehiago izango dira, parte-hartzaile bakoitzak jasotzen duen prestakuntza espezifikoagoa izan dadin. Xabier Inunziaga, Iker Uriarte, Asier Urreta, Begoña Divar, Virginia de la Casa eta Iosu Izagirre arituko dira irakasle, eta Ana Isabel Bravo –campusaren fundatzailea– da zuzendaria.

Uztailaren 20an Udal Musika Bandarekin batera emango dute kontzertua, Arka plazan, beraz, profesionalekin partekatuko dituzte agertokia eta emanaldia; uztailaren 21ean, amaitzeko, kontzertua emango dute Falerina lorategian, 20:00etan.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide